Pilotaren jatorria eta bilakaera ulertzeko tailer praktikoak emango ditugu igande goizean

2014/02/07
Hebentik...Zubia asteburuaren baitan eta igande arratsaldean izango den Pilotarhitza ikuskizuna ardatz, aukera handi honekin egingo gara topo. Ilunpe Pilota Elkarteko lagunekin batera, Zuberoako Michel Iturria Zesta puntalari ohiak eta Mixel Etxekopar-ek iparraldeko pilota jokamoldeen ikastaroa emango digute. Igandean, 10:00etatik 12:00etara, Frontoi Txikian

Michel Iturria mauletarra zesta puntalari profesionala izan zen. Estatu Batuetan ibili zen eta Jai Alairen goraldia ezagutu zuenetakoa izan zen. Orain, pilota irakaslea da, baina ez hori bakarrik. Hebentik Kultur Elkarteko kide era bada eta bertan sortzen dituzten ekimenetan parte hartzen du. Horren adibide dugu igande arratsaldean ikusiko dugun Pilotarhitza ekitaldia, bera baita protagonista nagusietakoa, pilotazalearen mugimenduen koreografia egingo duena.

Halako pilotari handi eta kirol mota horren zale amorratua Azpeitira etortzeko suertea izango dugunez, pilotaren inguruko ikastaroa antolatzea otu zitzaigun eta Ilunpe Pilota Elkartekoen laguntza jaso ere bai.

Jatorria eta bilakaera

Gaur egun, hegoaldean gehien nagusitzen den pilota jokamoldea ezker paretakoa da, banaka, binaka edota lau t'erdikoa; 22ra eta frontoian. Iparraldean bestelako ohitura batzuk nagusitu dira eta han Trinkete, Xistera, pasaka, bote luzea, laxoa... bezalako modalitateek iraun dute gehiago.

Pilotaren historian atzera egingo dugu Iturria eta Mixel Etxekoparek asko dakitelako gai honetaz eta lehengo jokamolde zaharren ibilerak eta batez ere iparraldeko jokamoldeak erakutsiko dizkigute. Tailer praktikoa izango da, haur zein helduri zuzendua. Fronti Txikin bilduko gara, 10:00etatik 12:00etara.

Erantzuna gehitu