Egun konpletoa izan genuen atzokoa dantza eta antzerkiarekin
Otsailean hasi ginen. "Hileroko bigarren igandeetan Dantza Jauziak egingo dira hemendik aurrera" esan genuen. Eta egin. Atzo bigarren saioa zen, eta Olazko Amaren plazan elkartutakoak gogotsu aritu ziren 12:00etatik 13:30ak aldera arte. Zuzenien Xoxoterako igoera bertikala ere bazen atzo, eta handik buelta egindako jendea ere batu zitzaien hasieratik dantzan aritu zirenei.
Apirilaren 13an izango da hurrengo dantza saioa, eta plazara dantza ikasita joan nahi duenak, aurretik ikasteko aukera ere izango du. Luis Alberdi Beltzak eskolak ematen ditu, astelehen eta asteazkenetan 21:15etik 22:30ak arte, Ikasberrin. Eta, beste aukera bat ere jarri du Alberdik, taldea osatzen bada, ikastaroa emango du astearte eta ostegunetan, ordu berean, Betharrametan. Hilean 27 euro kostatuko dira eskolak, eta Sanagustin Kulturgunean eman behar da izena.
Figuranteak
Asier Hormaza eta Mikel Laskurainek egiten duten antzezlanaren izenburua da Figuranteak. Atzo arratsaldez Azpeitiko Sanagustin kulturgunean ikusi genuen. Marie Jones-ek idatzitako komedia batean oinarritzen zen obra eta tarteka barre algara batzuk egin genituen.
Lan handia eskatzen duen antzezlana dela nabarmendu zen, batik bat. Pertsonaia mordo bat —bata bestearen atzetik, gainera— antzezten zituztela irudikatu behar izan zuten Hormaza eta Laskurainek, lan konplexua dudarik gabe.