Aste honetan monologoa eta kontzertuak

Joseba Usabiagak bere benetazko oroitzapenak kontatuko dizkigu, baina modu dibertigarrian. Hau da, "oroitzak" eta "penak" ondo bereiztuta. "Ingurukoez, bere buruaz, pasarte dibertigarri eta eroez hitz egiten duen antzezlana" dela dio.
30 urteko bizipenaren ondorioz sortutako gogoeta eta erreflexioak uztartuko ditu bere benetako afizio eta gertakizunekin. Hori guztia musika eta arropa erosoz lagunduta, "gertakizun hauek guztiak ahalik eta ondoen entonatzeko". Umorean ibiliko gara. Ostiralean, 23:00etan hasiko da. Sarrera, 5€tan dago.
Zea Mays + Ezinean
Bi talde, bi disko berri. Zea Maysek 'Da' diskoa aurkeztuko digu zapatuan. Azken urteetan Euskal Herriko talderik arrakastatsuenetakoa den talde honek lan berria dakarkigu, Zea Maysen "alderik dantzagarriena, alderik bareena, alderik stoner eta basatiena biltzen dituena. Zea Mays osoa, alegia".
Ezinean Azpeitiko taldea ere zorioneko da eta etzi kaleratuko du bere hirugarren lana, Berriz izenekoa. Jaio berritan ezagutuko dugu beraz, herritarren uzta berria.
Kontzertua 23:00etan hasiko da eta sarrerak eskuratu ditzakezue hemen edota kulturgunean bertan.