Palestinaz eta gaur egungo bertako egoeraz gehiago jakiteko

2011/09/06
Palestinaz eta gaur egungo bertako egoeraz gehiago jakiteko
Azpeitiko Palestinaren Aldeko Herritarren Taldeak antolatuta, herrialde hari buruz gehiago jakiteko saioa egongo da bihar (irailak 7, asteazkena, 21:00etan), kulturgunean. 'Gueto' dokumentalarekin hasiko dira, Palestinaren historia "modu oso grafikoan" erakusten duen bideo emanaldiarekin. Ondoren, Ali Mohammad Jadeh palestinarrak bere ikuspuntua azalduko duen hitzaldia emango du eta jendearen galderei erantzungo die.

Dokumentala
Gueto (2009) Diego Rebelin eta Carlos Pla Valentziako Unibertsitateko Kazetaritza fakultateko (Herrialde Katalanak) bi ikaslek egin zuten dokumentala da. Webgunean diotenez, "Palestinako egoera ahalik eta modurik grafikoenean erakustea” da egileen helburua eta halako gatazkek sortzen dituzten “ondorio fisiko eta sozialak” bistaratzea, dauden “arrazoiak, interesak eta arduradunak” agerian utzita. Ordubete azpitik irauten duen dokumentala da (gaztelaniaz).
Hitzaldia
Dokumentala ikusi ondoren, “Al Quds-en (Jerusalem) jaiotako palestinarra” den Ali Mohammad Jadeh-ek bere herrialdeari buruzko hitzaldia emango du, bertako egoeraren berri emanez eta dokumentalaren gainean hitz eginez. Mohammad Jadeh 61 urteko gizonezkoa da, bospat hizkuntza dakizkiena, baina nola euskaraz eta gaztelaniaz ez dakien, ingelesez emango du hitzaldia. Palestinaren Aldeko Herritarren Taldeko lagun batek itzuliko ditu euskarara hark esanak. Inork galderarik balu “gustura” erantzungo dituela ere adierazi dute.

Erantzuna gehitu