Eneko Bidegain izango dugu hizlari 'Ipar Euskal Herria'-z

Horrela aurkezten du Gure esku dagok gaurko hizlaria: "Hitzaldi interesgarria izango da gaur Sanagustin Kulturgunean Eneko Bidegainen eskutik. Xalbador bertsolari handiaren iloba da Eneko Bidegain. Batxilergoa ikastolan ikasi eta gero Euskal Ikasketak egin zituen Baionan. Kazetari lanetan Ekaitza aldizkarian hasi zen. 1999an Euskaldunon Egunkarian sartu zen. Berria eta beste zenbait hedabidetan ere aritu da.
Gaur egun Mondragon Unibertsitatean irakaslea da eta bertso txapelketetan epaile lanak betetzen ditu. Iparraldeko egoera politiko-soziala sakonetik ezagutzen duen pertsona".
Bihar, Victor Alexandre
Gure esku dagok erabakitze eskubidearen inguruan antolatu dituen hitzaldietan azkena izango da Bidegainena, baina antzeko gaiak jorratuz beste hitzaldi sorta izango da, oraingoan Urolako Napar Zuzterrak antolatuta. Eta hasiera bihar bertan izango du, Baigera I aretoan. Victor Alexandre ariko da hizlari.
Azpeitiko Kultur Mahaiak egin dio elkarrizketa. "Zehatz ari da jarraitzen Kataluniaren independentziarako prozesuan Victor Alexandre kazetari eta idazlea (Bartzelona 1950). Geldiezina den mugimendua hasi dela dio, eta ez Kataluniarentzat bakarrik. Eskozian eroriko da aurreneko dominoko fitxa, hark Katalunia mugituko du, eta ondoren Euskal Herria etorriko da. Baigera aretoan izango da Alexandre ostegunean, 19:30ean,. Hitzaldia emango du 'Kataluniaren independentzia, Euskal Herrikoaren ataria' tituluarekin". Espainiako Auztegi Konstituzionalak Kataluniako subiranotasun aitorpena bertan behera utzi aurretik eginiko elkarrizketa da.