Vargas Blues Band Sanagustin kulturgunean

Javier Vargas gitarra jole ospetsuak ibilbide luzea eta anitza du bizkar gainean. Madrilen jaio zen 1958an, gurasoak Argentinatik etorri berritan, baina urte gutxiren buruan, berriro itzuli ziren Ameriketara, batetik bestera ibiltzera. Bere musika ibilbidea ere halaxe hasi zen, batetik bestera, saletan joz, kruzeroan, orkestan... Jam sessions bezala ezgutzen diren saioak eskaintzen zituen bidean ezagututako beste musikarien laguntzaz.
Ordurako musikari trebea bazen ere, bere bizitzan oinarri eta tranpolin izango zen proiektua sortu zuen 1991n: Vargas Blues Band. Ordutik aurrera, jasoko dituen laudorio eta errekonozimenduek gitarra jole esanguratsuenen ondora eraman zuten. Gaur egunera arte, 21 disko argitaratu ditu eta beste askoren proiektuetan parte hartu. Raimundo Amador, Carles Benavent (Paco de Lucia), Prince, Carlos Santana, Glenn Hughes (Deep Purple), Miguel Rios, Andres Calamaro, Chris Jagger bezalako musikari handiekin batera lan egindakoa da. Blues eta rock musikaren artista bat da, azken batean.
Heavy city blues diskoaren bira egiten ari da eta Euskal Herrian kontzertu bakarra eskainiko du. Hain zuzen, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, apirilaren 11n (ostirala).