Jon Garano eta Nagore Aranburu izango ditugu gurekin asteleheneko zine saioan, 'Loreak' ikusi osteko solasaldian
Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendarien bigarren lana da Loreak filma. 80 egunean izan zen lehenengoa nazioarteko 100 zinemalditan baino gehiagotan parte hartu zuena eta gaurdaino, 30 saritik gora lortuta, sari gehien jaso dituen euskarazko filma. Loreak ere bide beretik doa.
Sinopsia: Aneren bizimodua goitik behera aldatuko da, astero-astero, etxean lore-sorta bat jasotzen hasten denean. Beti ordu berean. Beti modu anonimoan.
Lore misteriotsu batzuek aldatu egingo dituzte Lourdesen eta Tereren bizimoduak ere. Ezezagun batek lore-sorta bat utziko du astero, eurentzat hain garrantzitsua izandako norbaiten oroimenez.
Hiru emakumeren istorioa da hau; lore-sorta xume batzuek goitik behera aldatuko dituzten hiru bizimodu. Lore horiek ahaztutzat zituzten sentimenduak azaleratuko dituzte… Baina, azken batean, loreak baino ez dira.
Egunak eta orduak: Igandean, 21:30. Astelehenean, 20:30.