'AzpeitHika' gaztetxoen kartel erakusketa Sanagustinen

Abenduaren 3tik 10a bitartean AzpeitHika gaztetxoen kartel erakusketa izango da Sanagustin kulturgunean. Azpeitian hitanoaren erabilera eta haren arauak nola bizi dituzten landu dute Azpeitiko ikastetxe guztietan 10 urteko gaztetxoek. Lanaren emaitzetako batzuk erakusgai izango dira astebetez Sanagustinen.
Azpeitiko udalak lagunduta eta Soziolinguistika Klusterraren gidaritzan, herriko hitanoa jorratzen ari dira herriko ikastetxe guztiak 2011z geroztik. 2011tik 2013ra Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, eta 2014tik aurrera Lehen Hezkuntzan. Azpeitian hitanoa landu eta sustatzeko beharrari erantzun nahirik ekin zitzaion egitasmo honi, zehazki helburu hauek betetzeko: hitanoaren ezagutza arauak ezagutu zein horien erabilera bultzatzea, gazteen artean hitanoa sustatzea, hitanoari eustea, hitanoaren kalitatea bermatzea eta transmisioaren garrantziaz jabetzea. Bitarte honetan, Soziolinguistika Klusterrak material didaktikoak sortu eta ikastetxeek praktikara eraman dituzte.
Hitanoa lantzeko sortu diren 12 materialetan, Azpeitiko euskara eta hitanoaren erabilera izan dira abiapuntua. Xapu Azpeitiko kazetari zapoa da edukiak josten dituen pertsonaia nagusia, eta haren bidean topo egiten duten pertsonek, ahozko eta idatzizko testuek nahiz jarduerek osatzen dute ikasgaia. Materialgintzan saiakera berezi bat egin da helburu lorgarriak proposatzen, eta maila berean, jarduerak izan daitezen herrira egokituak, ikasleen ezagutzetatik gertukoak eta parte hartzea bultzatzen dutenak. Lehen Hezkuntzako 1. mailakoek egindako lanaren emaitza da, hala, kartel erakusketa hau.