Galder Perez: "Zu, ni eta denok gara Fausto"
2015/02/13

Argia aldizkariak egin zion estreinatzear zela elkarrizketa Perezi, obraren zuzendariari. "Diziplina asko nahasten dira. Testua, XVI. mendeko C. Marloweren Fausto moldatu genuen Mikel Losada, Lander Otaola eta hiruron artean, eta ondoren Fredi Paiak euskaratu zuen. Rap guztien hitzak, berriz, Endika Lahainerenak dira, eta zuzenean abesten ditu. Berarekin batera, taula gainean lau aktore ari dira: Mikel Losada, Miriam K. Martxante, Lander Otaola eta Diego Perez. Musikari dagokionez, Maisha Mc-k egin du ekoizpena, eta emanaldietan ere zuzenean aritzen da DJ". (Argazkia: Ane Zabala)
Espektakularra izango da antzerki lan hau, gordina eta probokatzailea, zuzenko musika uztarturik. Baina gaiak ere emango du zeresana, zer pentsatua: "Gizarte europarrean bizi dugun fabula faltsuaz ari gara, beraz, eta horren erregina den demokraziaz. Ondoen kontatu eta eraikitako ipuina da demokrazia. Eta horixe, zapaltzen dugun lur labainkor eta kutsakor hau oso gogoko dugu, antza; egunero sinesten dugun gezurra hain potoloa eta agerikoa da... Eta ipuinean bezala, bitartean, libre bagina bezala bizitzera kondenatuta gaude ongizate gizartea deiturikoan".
Sarrerak internetez erosteko aukera badago oriandik eta gero leihatilan egongo dira, 21:00etatik aurrera.
Elkarrizketa osorik klik honetan.