Pello Zubiria: "Hondakinen kudeaketaren atzean dauden interes ekonomikoak izugarriak dira"

2015/03/05
Pello Zubiria: "Hondakinen kudeaketaren atzean dauden interes ekonomikoak izugarriak dira"
Zorrotz hitz egin zuen Pello Zubiria kazetari eta Hernani Zero Zaborreko kideak atzo, asteazkena, arratsaldean Sanagustin kulturgunean eskaini zuen solasaldian. 70 bat lagun bertaratu ziren, hondakinen eta gizarte ereduen inguruko gogoetak entzutera.

Hondakinen kudeaketaren atzean dauden enpresen inguruan aritu zen hasieran, eta horiek klase politikoarekin duten harremanaz. Hondakinen kudeaketa modu batekoa edo bestekoa izan daitekeela azaldu zuen, bilatzen den helburuaren arabera. Interes ekonomiko handiak dituztenek azpiegitura eta errauskailu handien alde egiten dutela erakutsi zuen, osasunean eta naturan egindako kalteei arretarik jarri gabe.

Hernanin egindako bidearen azalpenak eman zituen ondoren, eta mezu positibo batekin amaitu nahi izan zuen. Gipuzkoan aurreratu dena orain dela lau urte pentsaezina zela esan zuen, eta bide horretan aurrera egiteko beharra azpimarratu zuen.

Hitzaldia amaitzeko hainbat herritarren galderak erantzun zituen Zubiriak, eta iritziak ere entzun ahal izan ziren.

Elkar-ekin taldeak eskerrak eman nahi dizkio Pello Zubiriari hitzaldia hain ongi prestatzeagatik eta emateagatik. Mila esker hurbildu zineten guztioi.

(Elkar-Ekin-ek egindako idatzia)

Erantzuna gehitu