Kultur bonoa eskuratzeko azken egunak
Azken hiru urteetan landutako kultur eskaintzari jarraipena emateko asmotan ari gara lanean Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkartean. Ikuskizunetan aniztasunari eutsiz jarraituko dugu guztion gustuko gauzak ekartzen saiatuz, barietatea eta orekak kontuan izanda, orain artean bezala. Herritarrek osatutako lantalde batzuk ditugu haien laguntzaz egitaraua osatzeko (eskerrik asko parte hartzaileei!) eta, bestela ere, badaude internetez bidaltzeko iradokizun atalak eta beste bide batzuk zuk ere gauzak proposatu nahi badituzu.
2015a iada aurrera doa eta denetarik izan dugu. Baina oraindik asko dago ikusteko eta entzuteko. Dantza garaikideko ikuskizunak, kontzertuak, umeentzako ekitaldiak... Bonoa eskuratzeko garazi zabiltzate; bonoa errentagarri ateratzeko nahikoa eskaintza badago.
Bonoaren ezaugarriak
2015eko kultur bonoak ezaugarria hauek izango ditu:
- Urteko bonoa izango da, alegia, 2015ekoa.
- Transferiblea da. Ez du izenak pisurik, jabeak garrantzirik, zenbakiak baizik. Txartelak numeratuak dira eta hori da kontrolatzen dena, txartel zenbaki horren erabilera kopurua.
- Urteko prezioa 60€koa da (iazko bonoaren berezko balioa 185 bat €takoa izan zen).
- Langabetuek, jubilatuek, Gazte txartel jabeek eta ikasle txartel jabeek %50ko deskontua izango dute. Beraz, 30€tan eskuratu ahal izango dute.
- Ekitaldien kontsumoa agortuz gero beste bat eros daiteke. Aurretik ez. Norbanako bakoitzak txartel bat izango du, gehienez.
- Salduko den txartel kopurua mugatua izango da.
- Oharra: Txartela dutenentzat sarrerak erreserbatu egingo dira doaneko ekitaldietan. Sarreran bonoa erakutsita, orduan jasoko da sarrera. Baina bestelakoetan ez da erreserbarik egingo eta lehenago eskuratu beharko dira sarrerak; hori bai, bere deskontuarekin.
Ezaugarri hauen laburpena jasoko dute erostaileek txartelarekin batera eta guk datuak jasoko ditugu horretarako.
Eskaintza
Hauetxek dira kultur bonoarekin lor daitezkeen abantailak:
- 8 kontzertu doan. Nahi diren kontzertuak.
- Antzerki edo dantzako 4 ikuskizun %50eko deskontuarekin.
- Jaialdi eta Topaketak (Aitzealdenk!, Antzerki Topaketak eta sor daitezkeenak) %50eko deskontuarekin.
- Umeentzako ikuskizunak doan (ume bat + heldu bat).
Bonoaren helburuak
Proiektu hau, bat eginez Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkartearen asmoekin, kultur mugimendua indartzeko da, herri kontsumoa bultzatuz. Bonoak baditu helburuak, gure ustetan garrantzitsuak direnak herriarentzat, urterokoak:
- Kultur ekitaldien kontsumoa sustatzea eta handitzea.
- Azpeiti mailako kontsumoa bultzatzea, jendea herrian gera dadin edo hona etor dadin.
- Herritarrek bonoaren bitartez abantaila ekonomikoak izatea.
Horiek dira txartel txiki honek biltzen dituen helburuak eta horiek lortzeko bidelagun daukagu udala, elkarlana baita garrantzitsua horrelako proiektuetan, indar metakea. Eskertzen diogu gai honetan alboan izatea.
Claire Ducreux | Réfugiée Poétique (Poetic Refugee) - Work in progress (mars 14) from Paco Bialek on Vimeo.