Alkategaien mahai-ingurua asteartean

2015/05/18
Jendeari irekitako ekitaldia izango da, biharkoa, 19:00etan hasita. EH Bilduko zerrendaburu Eneko Etxeberriak eta EAJren zerrendaburu Aitor Gorrotxategik hartuko dute parte mahai-inguruan.

Maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeen jarraipenaren barruan, Uztarria Komunikazio Taldeak Urola Kostako Hitzarekin eta Erlo telebistarekin elkarlanean, Azpeitiko alkategaien mahai-ingurua antolatu du, biharko, maiatzak 19.

Eneko Etxeberriak (EH Bildu) eta Aitor Gorrotxategik (EAJ) hartuko dute parte mahai-inguruan. PSE-EEren hautagai Oscar Murillo eta PPren hautagai Manuel Palacio ez dira Sanagustinen izango; Uztarriak gonbidapena luzatu zion Murillori, baina PSE-EEko zerrendaburuak uko egin dio parte hartzeari. Aldiz, PPko zerrendaburuarekin ezin izan dute harremanetan jarri mahai-inguruaren antolatzaileek.

Eneritz Albizu kazetariak gidatuko du mahai-ingurua, moderatzaile lana eginez. Bi hautagaiei herriarekin lotutako hainbat gai jarriko zaizkie mahai gainean. Ikus-entzuleek ez dute galderak egiteko aukerarik izango.

Erlo Telebistak saioa streaming bidez zuzenean emango du eta uztarria.eus webgunean izango da ikusgai. Ondoren, grabatutako bideoa ere ikusgai izango da.

Erantzuna gehitu