Def Con Dos eta Sermond's Sanagustin kulturgunean zuzenean

2015/07/03
Plazan kanpoan izan behar zuena, plazan barruan izatera pasa da kontzertua; Sanagustin kulturgunera, alegia. Tira, gutxienekoa da hori. Kontua da zapatu honetan gozatzeko aukera dugula. Elorriotarrek disko berria aurkeztuko digute. Madrildarrak, taldeko batzuk hiruko formatuan proiektu berri bat abiatu badute ere, talde gisa etorriko dira 2013n atera zuten diskoa 'España es idiota' eta daramaten ibilbide oparoko errepertoria eskainiko digute.

Konpromiso soziala eskatzea, gizartea piztea, zirikatzea, pentsamendua aktibatzea eta halako hitzak lotu ohi dira Def Con Dos taldearekin. Hip hopa eta rocka uztartzen aurrenetakoak izan ziren eta, behintzat, sona handiena lortu dutenak badira estatu mailan. Musika bitartez ondo pasatu eta hitzen bitartez eragin nahi izaten dute (eragite horretan ezusteko txar bat izan du taldeak duela gutxi, "satirikoki idazteagatik" egun batzuk atxilo izan zutelako Cesar Strawberry abeslari eta taldeko burua. Hona hemen bere idatzia horren inguruan: NOTA DE PRENSA ANTE MI DETENCIÓN).

Biharko kontzertuan, gaineran, Sermond's taldearen rock doinu berriak ere ezagutuko ditugu. Libelula diskoa atera berri dute. Badakigu, ezagutzen ditugulako, nolako jarrera izan ohi duten oholtza gainean, beraz, esan dezakegu bi taldeen kontzertuan entretenimendutik haratago doazen ezaugarri asko topatuko ditugula.

Kontzertua 23:00etan hasiko da Sermond's taldearekin. Sarrera doan da.

Erantzuna gehitu