Erauntsi emozionalak
Bi emakume, azkoitiarra bata, bilbotarra bestea, estudioko bosna diskoren egileak biak eta amodioak edo amodio ezak sortu ditzakeen katastrofe emozionaletan sakontzen duten abestien sortzaileak. Biak ere beraien azken diskoak aurkeztu zituzten: Anarik Zure aurrekari penalak (Bidehuts, 2015) ; Ainara LeGardonek bere kabuz plazaratutako Every minute (2014).
Kontzertuak zabaltzen dituzten talde edo abeslarien lana ez da erraza izaten, are gehiago LeGardon bezala, bakarrik, gitarra elektriko baten laguntza soilarekin agertzen bada entzulegoaren aurrean. Hala ere, nahikoa izan zuen gitarraren sokak bitan astintzearekin entzuleen atentzioa bereganatzeko. 2002an bakarkako lehen diskoa atera zuenetik PJ Harvey britainirrarekin aspertzeraino konparatu dute. Antza hori ukaezina da, hala da; baina rockaren eta bluesaren bidezidorrak hartu dituzten beste artista batzuen eragina ere suma daiteke bere proposamenean, Nick Cave handiarena kasu. Murmuriotik oihura salto egiten du ingelesezko bere kantuetan, gitarraren punteatzeen gainean. Ekaitz elektriko eta distortsionatu batekin amaitu zuen bere saio laburra. Laburregia honen gusturako.
1990eko hamarkada erdian hasi zenean mila eta bat artistarekin parekatuko zuten Anariren musika. Hogei urteren ondoren bera da erreferentzia. Diskoz disko hain ondo menderatzen duen gai zerrenda landu du: maitasuna, izarapeko istorioak, fidelitatea, traizioa… Giza harremanak, bi hitzetan esanda. Hitzek berebiziko garrantzia dute bere errepertorioan eta aretoko soinu garbiari esker (a zer diferentzia Sanagustineko lehen kontzertu haietatik!) ez zen arazorik izan testu zaparrada jarraitzeko.
Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean: www.urolakosta.hitza.eus.