Sanagustin jendez gainezka, Ayestaran eta Zurutuzarekin

2015/12/30
Sanagustin jendez gainezka, Ayestaran eta Zurutuzarekin
Atzo, asteartea, abenduak 29, Ekialde Hurbilari buruzko mahai-ingurua eskaini zuten gurean Mikel Ayestaran eta Karlos Zurutuza kazetariek, Nekane Zinkunegik gidatuta. 19:00etan zen hitzordua, eta leporaino bete zen Sanagustin. Azpeitiko Kultur Mahaiak, Urola Kostako Hitzak, Uztarriak, Sanagustin kulturguneak, Erlo Telebistak eta Elkar-ekinek elkarlanean antolatu zuten mahai-ingurua.

Ia bi orduz aritu ziren Zurutuza eta Ayestaran Ekialde Hurbilaz eta bertako gatazkez hizketan, Sanagustinen bildutako jendetzaren aurrean. Hurbiletik ezagutzen dituzten hamaika kontu azaldu zituzten: Udaberri arabiarra, Estatu Islamikoa, Mendebaldeko potentzien eragina, Siriako gerra, errefuxiatuen auzia, herri kurdua.... Gerra kazetariak izateari buruz ere jardun zuten, baita kazetari lanbideaz harago, maila pertsonalean Ekialde Hurbilean bizi izan dutenari buruz ere. Publikoak ere izan zuen hitza hartu eta galderak egiteko tartea.

Sanagustinera hurbildu ez zirenek mahai-ingurua zuzenean ikusteko aukera izan zuten streaming bidez, erlotelebista.eus, sanagustinkulturgunea.net eta uztarria.eus atarietan. Twitter bidez ere zuzeneko jarraipena egin genuen, #aiestaranzurutuza traolarekin. Mahai-inguruaren nondik norako nagusiak biltzen dituen kronika irakurri ahal izango duzue uztarria.eus atarian.

Hemen ikus ditzakezue Alberto Belokik mahai-inguruan ateratako argazkiak. Eskerrik asko!!

Mahai-ingurua: 'Zer ari da gertatzen Ekialde Hurbilean?'

Erantzuna gehitu