Mendia, eskalada, euskara, kultura eta natura batuta dator aurten Mendi Tour jaialdia

Sokaitz Azpeitiko Eskalada Elkarteak, Lagun Onak Mendi Bazkunak, Paradisu Zinema Zineklubak eta Sanagustin Kulturguneak bat eginik eta elkarlanean Mendiko Zinemaldia eskainiko dugu bigarren urtez jarraian. Bilbon urtez urte ospatzen den eta 2015ko abenduan bere zortzigarren edizioa bete duen Mendi Film Festival-eko film sorta Azpeitira ekarriz egingo dugu.
Aprobetxatuz, Sanagustin Azpeitiko Kooperatibak Soreasu Antzokia kudeatzen duela, beraz, zinema ere bai, pauso hau emateko aukera izan genuen iaz. Mendiko Zinemaldia Azpeitira bertaratu genuen. Azpeiti eta inguruko herriak mendizale eta eskalatzaile andanez josita dago eta jaialdiak arrakasta izango lukeelakoan egin genuen, bide batez, Azpeitiko urteko kultur agendari bultzada emanez. Mendi Astearen baitan sartu genuen ekitaldia. Ondo atera zen, jende asko joan zen antzokira eta jaialdiaren balorazio positiboa egin genuen.
Beraz, jarraipena ematea erabaki dugu.
Sanagustin Kulturguneak, Sokaitz Eskalada Elkarteak, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Paradisu Zinema Zineklubak bat egin dugu proiektu interesgarri hau elkarlanean gauzatzeko helburuarekin eta lanari ekitera goaz, gogotsu eta irrikaz. Bidelagun daukagu Azpeitiko Udala jaialdia aurrera ateratzen laguntzen (eskerrik asko!).
Filmak
Botako ditugun sei filmetatik lau Bilboko festibalean sarituta izan direnak dira:
- Eskaladako film onenaren saria irabazi duen A LINE ACROSS THE SKY
- Publikoaren Saria jaso duen JEFF LOWE’S METANOIA.
- Laburmetraia onenaren saria irabazi duen HIGH AND MIGHTY
- Euskarazko film onenaren saria irabazi duen URZULO.
Horiez gain, ECLIPSE kirola eta abentura uztartzen dituen eta DOMINICA kultura eta kirola uztartzen dituen bi filmak ere botako ditugu. Jaialdia maiatzaren 24 eta 26an izango da eta pelikula guztiak jatorrizko bertsioan eskainiko dira eta euskarazko azpidatziak izango dituzte.
Filmen azalpenak
Maiatzak 24, asteartea, 21:00
- A LINE ACROSS THE SKY (2015, AEB, 40 min).
Zuzendaritza: Josh Lowell.
Produkzioa: Sender Film.
Reelrocktour.
V.o:eng, Subt: eus.
Fitz Roy-ren zeharbidea bilatuenetarikoa da gaur egungo alpinismoan: zazpi gailur eta 4.000 metroko eskalada bertikala dituen bidaia korapilatsua. Nork imajinatu zezakeen hain dibertigarria izan zitekeela? Elkartu zaitez Tommy Caldwell eta Alex Honnold-ekin Urrezko Pioleta irabaztera eraman zituen bidaia interesgarri - eta batzuetan barregarri- honetan.
- URZULO (2015, Euskal Herria, 35 min).
Zuzendaritza: Xanti Ugarte.
Produkzioa: Aloña Mendi Espeleologia Taldea.
V.o:eus.
Aloña Mendi Espeleologia Taldeak, ura traba zela, bukatutzat emandako kobazuloak berriz esploratuko ditu. Horien artean, Urzulok eman zuen ustekaberik handiena. Sifoi txiki bat zeharkatu ondoren, kobak aurrera egiten du eta esplorazioaren erronkari aurre egin behar diote espeleologoek. Lorpen eta porroten istorioa.
- ECLIPSE (2015, Kanada, 31 min).
Zuzendaritza: Anthony Bonello.
Produkzioa: SwitchbackEntertainmentInc.
Switchbackentertainment.
V.o:eng, Subt: eus.
Negu gorriko bidaia Svalbard-era, Zirkulu Polar Artikoaren gainetik dagoen uhartedira, eskiatzaile baten argazkia ateratzeko eguzki eklipse baten aurrean. Salomonen eskiatzaile taldeak −besteak beste, Cody Townsend, Chris Rubens eta Brody Leven− Reuben Krabbe argazkilariarekin bidaiatzen du. Abenturak bazter izoztuetara eramango ditu, klimatologiari, aldaketa klimatikoari eta euren anbizioei aurre ematen dioten bitartean, bizitzan behin egin daitekeen argazkia lortzeko.
Maiatzak 26, osteguna, 21:00.
- HIGH AND MIGHTY (2015, AEB, 18 min).
Zuzendaritza: Nick Rosen.
Produkzioa: Sender Film.
Reelrocktour.
V.o:eng, Subt: eus.
Highball bat eskalatzea, non erortzeak lesio larriak eragin ditzakeen, ez da jende ahularentzat. Modalitate abangoardista honi zailtasun maila igotzen badiogu, kontrola zeharo galdu daiteke. Ezagut ezazu Daniel Woods-en borroka epikoa beldurra gainditzeko eta hautatu duen 'highball'a eskalatzeko: 'The Process'.
- JEFF LOWE’S METANOIA (2014, AEB, 78 min).
Zuzendaritza: Jim Aikman.
Produkzioa: Connie Self / Adaptable Man LLC / Jeff Lowe Mountain Foundation.
Jeff Lowe Climber.
V.o:eng, Subt: eus.
Jim Aikman-ek Jeff Lowe alpinista ospetsuaren bizitza kontatzen du: bere igoera utopikoekin eta kirol honen gailurrean izatearekin hasita, mendiko bakarkako eskalada ausartena eragin zuen gainbeheratik igaroz, gaur egun pairatzen duen endekapenezko gaixotasunera heldu arte. Metanoiak, Jeff-en bide imajinaezin berriak (bakarrik, negu gorrian eta Eiger-eko ipar horman), bere bizitza aldatu zuen eta inoiz bizi izan duen abentura handienerako prestatu zuen.
- DOMINICA. (2015, Espainia, 8 min).
Zuzendaritza: Fredi Paia, Aitor Gisasola.
Produkzioa: Einarte Produkzioak.
V.o:eus.
Dominica eta Eli. Bi emakume, bi belaunaldi, bi istorio eta lanbide bera. Biak dira artzainak. 'Dominica', agerikoa ezkutuko bihurtzen denean, ikusezina hitzen bidez irudikatzen duen film laburra.
Sarrerak: Orokorra 5€ / bi egunetarako bonoa 8€. Salgai baita ere kulturgunean eta Lagun Onak Mendi Bazkunaren elkartean.