2017ko Kultur bonoak agortu dira

2017/01/17
2017ko Kultur bonoak agortu dira
Bost urtetan harrera ona izan du, baina aurtengoan bezain beste inoiz ez. Aurreikusitakoak baino gehiago atera behar izan ditugu eskariak ikusita, eta hala ere, inoiz baino azkarrago agortu dira. Horietatik %58 deskontuaren abantailarekin eskuratutakoak izan dira.

"Kulturari balioa emateagatik ateratzen dugu Kultur Bonoa" esaten dugu beti. Oraingoan (ere), ordea, balioa zuek eman diozue. Inoizko gehien atera ditugu eta agortu dira. Inoizko azkarren, gainera. Beraz, eskerrik asko. Gure aldetik saiatuko gara, hau ere esan genuen, ahalik eta eskaintzarik erakargarriena osatzen, euskarazko lanak lehenetsiz eta publikoa orokortasunean kontuan izanda. Azpeitiko Udala izan dugu bidelagun, beste behin, eta hori ere azpimarratzekoa eta eskertzekoa da.

Bonoaren bitartez kultur ekitaldietara joateko erraztasuna ematea da helburuetako bat. Besteak beste, saldutako bono kopuruaren %58a deskontu bidez saldu da; hau da, erdi prezioan. Aurten ere gazteak izan dira gehien erosi dutenak (%48,76). Hauek datuak:

  • Kultur bonoaren prezioak:
    • Orokorra: 60€ (berezko balioa, aurreko urtetakoak eredu hartuta, 185€takoa da)
    • Deskontuarekin: 30€ (jubilatuak, ikasleak, gazte txartel jabeak, langabetuak).
  • Saldutako kopuruak(%tan):
    • Orokorra: %41,95.
    • Deskontuarekin: %58,05.
      • Gazte txartela: %37,15.
      • Ikasle txartela: %11,61.
      • Jubilatuak: %4,64.
      • Langabetuak: %4,64.

grafikak1.jpg

Elkarlanean

Kultur Bonoak helburu batzuk ditu gure ustetan, balio erantsi bat ematen diotenak eta garrantzitsuak direnak herriarentzat. Urterokoak dira:

  • Kultur ekitaldien kontsumoa sustatzea eta handitzea.
  • Azpeiti mailako kontsumoa bultzatzea, jendea herrian gera dadin edo hona etor dadin.
  • Herritarrek bonoaren bitartez abantaila ekonomikoak izatea.

Egitasmo honetan bat egiten dugu Azpeitiko Udalak eta Kulturaz Azpeitiko Kooperatibak, elkarrekin egiten dugun Egutegi Bateratuaren eskaintza jarraituz. Deskontuaren jabe biok egiten gara, hau da, deskontuaren %50a Udaleko gizarte sailak asumitzen du eta beste %50a kooperatibak. Beti diogu eta oraingoan ere bai, elkarlana dela garrantzitsua horrelako proiektuetan, indar metaketa.

Hauek dira kultur bonoarekin lortutako abantailak:

  • 8 kontzertu doan. Nahi diren kontzertuak.
  • Antzerki edo dantzako ikuskizunak %50eko deskontuarekin.
  • Jaialdi eta Topaketak %50eko deskontuarekin.
  • Umeentzako ikuskizunak doan (ume bat + heldu bat).

Hauek, momentuz, 2017an datozen ekitaldiak, bonoa erabiltzeko:

  • Jainko Basatia (antzerkia, Soreasu Antzokia): Urtarrilak 27.
  • Los Chichos (kontzertua, Sanagustin kulturgunea). Urtarrilak 28.
  • Oskarbi (kontzertua, Soreasu Antzokia). Otsailak 4.
  • Hesian+Guda dantza (kontzertua, Sanagustin kulturgunea). Otsailak 11.
  • Malmö (antzerkia, Soreasu Antzokia). Otsailak 17.
  • Fuel Fandango+DJ Chelis (kontzertua, Sanagustin kulturgunea). Otsailak 18
  • Idiot, Txou! (antzerkia, Soreasu Antzokia). Martxoak 31.
  • Zea Mays + Kokein (kontzertua, Sanagustin kulturgunea). Apirilak 1.
  • Gatibu (kontzertua, Sanagustin kulturgunea). Maiatzak 23.

Sarrerak www.kulturaz.eus webgunean eta Sanagustin kulturgunean dituzue. Kultur Bonoa dutenentzat ohar moduan, komeni da Soreasu Antzokiko ekitaldietarako sarrerak aurrez hartzea Sanagustinetik.

Erantzuna gehitu