2020ko Kultur Bonodunek datorren urte hasieran erabiltzen jarraitzeko aukera izango dute

2020/12/10
2020ko Kultur Bonodunek datorren urte hasieran erabiltzen jarraitzeko aukera izango dute
2020ko Kultur Bonoaren epea luzatu eta 2021eko Kultur Bonoa oraindik ez ateratzea erabaki du Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibak. Urtea aurrera joan ahala ikusiko da 2021eko bonoa noiz eta nola plazaratu.

Osasun larrialdiak eragindako egoera ezegonkorra dela eta, ezinezkoa suertatu zaigu 2021erako Kultur Bonoarentzako planteamendu egonkor bat plazaratzea. Aurtengo urte gorabeheratsuaren ondoren, ez dakigu datorrena nolakoa izango den: ze neurri hartuko diren, ze edukiera baimenduko diren, hauen bilakaera…

Era berean Kultur Bonoaren balorazio positiboa egiten jarraitzen dugu: komunitatea egiteko eta kultura herritarrei gerturatzeko tresna garrantzitsua da, eta herritarren eskuetan egoten jarraitu nahi dugu. 

Konfinamentu, neurri berri eta zailtasunak izan arren, 2020an Kultur Bonoa  21 kultur ekitalditan erabili ahal izan da. Datu esanguratsua da, 2019an ere 21 ekitalditan erabili ahal izan baitzen bonoa. Dena den, egia da, edukiera-mugak direla eta, aurtengo baldintzak ez direla berdinak izan.

Hori dela eta, behin behineko planteamendu gisa, 2020ko Kultur Bonoa zutenei 2021 hasieran bonoa erabiltzen jarraitzeko aukera luzatuko diegu. Hau da, 2021 hasierarako programatuta ditugun ekitaldietan 2020ko bonoa erabili ahal izango da, aurtengo baldintza berdinetan. Urtarrilean, esaterako, Kultur Bonoa erabili daitekeen bost ekitaldi ospatuko dira. Datak gerturatu ahala joango gara ondorengo hilabeteetako ekitaldien berri ematen.  

Datozen hilabeteetan ikusiko dugu pandemiak eta honek eragindako neurriek ze bilakaera duten. Hipotesi eta aukera desberdinak aztertzen ari gara, eta horien arabera egingo dugu Kultur Bono berriaren planteamendua.

Erantzuna gehitu