2025ean kultura bizitzeko aukerak zabaldu, komunitatea indartu eta 46.433 esperientzia sortu ditugu
Kultura osotasunean
Ikusgarritasuna
2025ean 176 ekitaldi kudeatu dira Sanagustin kulturgunean, Soreasu Antzokian eta Dinamoa sormen gunean. Horietan diziplina ezberdinak landu dira, eta guztira, 33.990 ikus-entzulek parte hartu dute.
Sormena
Asko izan dira Dinamoa sormen gunetik igaro diren sortzaileak. Horiek hitzaren, irudiaren, gorputzaren eta soinuaren eremuan landu dituzte proiektuak. Guretzat ezinbestekoa da sortzaileei baliabideak eskaini eta bidea egiten laguntzea. Helburu horri eutsiz, Azpeitiko Udalak antolatutako sorkuntza bekei babesa eman diegu eta geure kabuz sormen egonaldi ezberdinak sortu ditugu. Guztira, 25 sorkuntza proiektu babesteko aukera izan dugu.
Transmisioa
Ekitaldien programazio oparo bat eskaintzeaz haratago beharrezkoa dugu proiektuen lan ildo sendo bat martxan izatea. 2025ean proiektu horiek indartzeko lan berezia egin dugu eta esan dezakegu transmisioaren alorrean emaitza oso positiboak izan ditugula. Hitzari, irudiari, gorputzari eta soinuari lotutako 11 tailer eta 3 ikastaro egin ditugu; besteak beste, grafiaz betea, antzerki sormen laborategia, txotxongilo eta zirku tailerrak, jam saioak eta dantza garaikideko hastapenak bezalako ekimenek izan dute lekua Dinamoa sormen gunean. Proiektu horiei esker, adin, familia naiz interes ezberdinetako sortzaileak bildu ditugu. Beste behin, kultura herriarengana gerturatu eta komunitatea indartzeko asmoari eutsi diogu.
Horrez gain, mediazio eta bitartekaritza proiektuak egonkortzeko urtea izan da 2025a. Gure asmoa balio eta balore hezitzaileak dituen kultura eraldatzailea sustatzea izan da. Horregatik, gazte aktiboak, kulturzaleak, parte hartzaileak, kritikoak eta sortzaileak hezteko egitasmoak garatu ditugu. 2025ean Sorginorratzak deituriko bitartekaritza proiektua martxan jarri dugu eta bertan, 25 umek hitzaren, irudiaren, gorputzaren eta soinuaren bueltan tailer ezberdinak egin dituzte. Hori gutxi balitz, 2022an martxan jarri genuen Txinaurriak proiektuarekin ere lanean gabiltza, bertan, herriko ikasle guztiek lau eremuetan esperientzia bat bizitzeko aukera izan dute.
2025eko jarduna aurrera ateratzea posible izan da hainbat sustatzailerekin izan dugun elkarlanari esker. 30 kultur eta gizarte eragilerekin indarrak batuta lan egin dugu. Horren adibide dira Berriarekin elkarlanea dugun ‘Hizlandia’ proiektua edo Azpeitiko Udalarekin bat egiten dugun ‘DOI’ erakusketa programa.
Zinema: euskal pelikulen estreinaldiak Soreasu Antzokian
Zinemak ere izan du lekua gure egitarauan. Zalantzarik gabe 2025ean zinema aretoetan ikusi ahal izan diren euskal pelikulen estreinaldi guztiak ikusteko aukera izan dugu Soreasu Antzokian. Haur eta helduei zuzendutako 45 film izan ditugu, eta 6.537 ikus-entzulek gozatu ahal izan dute emankizun horietaz. Kartelerako film garrantzitsuenak ekartzen saiatu gara, arreta berezia jarri dugu euskarazko produkzioetan eta saiakera berezia egin dugu programatutako zinema euskaraz izateko.
