Iazko sorkuntza bekei esker sortutako lanak aurkeztuko dituzte ostiralean, Betharram erakusketa aretoan
Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kultur kooperatibak iaz banatu zituen sormen beken emaitzak plazaratuko dituzte ostiralean. Zazpi sortzailek jaso zuten beka 2025ean eta ordutik beraien proiektuak garatzeko aukera izan dute Dinamoa sormen gunean. Orain, lan horien emaitzak jendaurrean aurkezteko aukera izango dute, martxoaren 13an, 18:00etan, Betharram erakusketa aretoan. Ondoren, martxoaren 22ra bitartean, edonorentzako erakusgai egongo dira lanak. Astegunetan 18:00etatik 20:00etara izango da zabalik aretoa, eta larunbat eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara.
Iaz bi laguntza mota eskaini zitzaizkien sortzaileei: alde batetik, kultur sorkuntzaren modalitatekoa; eta bestetik, kultur sorkuntzako egonaldien modalitatekoa. Lehenengo bekan, bost sortzailek jaso zuten beka: Martzel Do Nascimiento Goiria, Sara Agiriano Umerez, Irene Balzategi Arkauz, Irune Aramendi Alberdi eta Arriet Aldalur Lizaso. Beren egitasmoekin sorkuntza egonaldirako beka jaso zuten sortzaileak, berriz, bi izan ziren: Irene Zarrabeitia Mendez eta Xabi “Jabato” Lopez Jimeno. Horiek, besteak beste, pintura, arte eszeniko, bideojoko, eskultura, arkitektura edota marrazketa digitala landu dituzte.
2025eko sorkuntza beken eta sortzaileen inguruko informazio guztia hemen aurkituko duzu.

