Asteazkenean Kafe Naparren zikloa hasiko da

2011/10/17
Asteazkenean Kafe Naparren zikloa hasiko da
Urriaren 19 honetatik abenduaren 14a arte, asteazkenero Kafe Naparrak izango ditugu kulturgunean. 2012an Nafarroaren konkistaren 500. urteurrena dela-eta, modu "parte-hartzaile" batean kafeak lagundutako mahai inguruak antolatu dituzte. "Gogoeta saioak" izango dira "nor garen eta nor izan garen jakiteko". Mirari Bereziartua Urolakoen napar zuzterrak taldeko kide eta Kafe Naparren antolatzaileetakoa denari elkarrizketa egin diote www.lapikue.net-en . (Gure agendetan, zapatutan izango direla jartzen du, baina eguna eta ordua aldatzea erabaki dutenez, hemendik aurrera asteazkenetan izango da Kafe Naparra, 21:00etatik 22:30era)

Elkarrizketatik jasotako aipamenik interesgarrienak:

“Nabarraldek historia emateko ikuskera bat du: arbola hartuta adibidetzat, arbola osotasunean ulertzeko dena hartu behar da kontuan: ikusten dena eta orain dagoena, baina baita aurreko bizitza guztia ere, bere sustraiak ere. Kimu berriak sortzeko sustrai indartsuak behar dira. Bada Nabarraldek antzeko filosofia du. Gure historia ezagutzeko nondik gatozen jakitea garrantzitsua da”.

"Espainiarrek izugarri egoki zaintzen dute euren identitatea. Izugarrizko dirutza gastatzen dute horretan eta besteak beste guk nahi izan dugulako egin ditugula gauzak esaten dute... Horregatik geure bidea egiteko prestatu egin behar genuela uste genuen".

"Gaur egun Foru Erkidegoa esaten dugun horren konkistaren zati handi bat egina zuten. Gu, adibidez, eta orain Gipuzkoa esaten diogun lurralde hau guztia, Bizkaia, Araba, Errioxa.. horiek denak konkistatuta zeuden, baina guretzat herri modura definitiboa izan zena ia, 1512koa izan zen".

"Gaiaren aurkezpena egingo da. Ondoren tartetxo bat utziko da mahaietan gaia aztertzeko eta pixka bat hori dinamizatuko dugu, gero denon artean galderak eta erantzunak emateko eta balorazio bat egiteko. Eman eta jaso egiteko; joan-etorria. Lagunarteko giro gozo bat probokatu nahi dugu".

"Victor Morenok azpeitiarrak, azkoitiarrak eta zestuarrak Nafarroako konkistara joan zirenean nola derrigortu zituzten erakusten du datuekin, beti esan izan digutenean elkarren kontra jardun izan dugula euskaldunok".

"Edonorentzat irekitako eta prestatutako Kafe Naparrak dira; ez da jakitunentzat egindakoa. "

 

Erantzuna gehitu