Aste bukaerako ekitaldiak

Erakusketa
Gaur amaituko da Egin dezagun argazkia erakusketa eta jarraian Sanagustinen egiten den bigarrenari helduko diogu. Azkoitiko eta Azpeitiko Udalek Tokiko Agenda 21 ekimenaren barruan antolatzen duten Gure inguruari begirada bat XX. Argazki lehiaketako erakusketa jarriko dugu, bihar goizean. Aurkeztutako 12 argazki onenekin 2012ko egutegia osatuko dute, ohi duten moduan, eta bihar bertan jakinaraziko dituzte zeintzuk diren aukeratuak 12:00etan egingo den sari banaketan. Ondoren, 12 argazki horiekin erakusketa osatuko da eta urtea bukatu artean egongo da.
Txiki Biran
Pailazoen emanaldia egongo da arratsaldez. Txiki Biran ekimenak oraingo honetan Sahararen alde antolatu du ekitaldia eta, 17:00etan hasita, Pantxika eta Txinparta, ederra zalaparta! pailazoek malabarak, zirkoa, musika eta alaitasuna eskainiko dute gaztetxoenentzat.
G•puntua
Gipuzkoako Bertsolari txapelketako finala igande honetan izango da, arratsaldez, Donostiako Ilunben. Pena izan da Jokin Uranga eta Beñat Lizaso sailkatu ez izana, baina hala ere bertsoaz gozatuko dugu zuzen-zuzenean. www.bertsoa.com atariak soilik botako du finala zuzenean eta kulturgunean pantaila handian ikusiko dugu. Aurten, gainera, Laxaro Azkune Erniarraitz Bertsozale elkarteko kideak jarriko dio txapela irabazleari.