Olentzero etorri arteko egonaldia goxatzeko
Goizean hasita, 10:00etan, Zapo Txoko eta kulturgunearen artean antolatuta, umeentzat marrazki tailerrak egongo dira. Begirale batzuen laguntzarekin Sanagustin apainduko dute gaztetxoek momentuan egindako marrazkiekin.
12:00ak arte iraungo du marrazki tailerrak, izan ere, ordu horretan Udalak deituta Mari Dominginek Olentzerori emateko gutunak jasoko baititu plazan.
Hura amaitzean, berriz, 13:00etan, Ikastetxeetako ikasleekin Jaiotza lehiaketa eta Gabonetako kantuak izango dira Sanagustinen.
Arratsaldez gehiago
Bazkalostean berriro beste ekitaldi sorta ederra izango da. 16:00etan, kulturgunean haurrentzako bideo emanaldia jarriko dugu, ordubete ingurukoa.
17:30ean, Arana kaletik abiatuta, kalejira hasiko da. Parte hartuko dute ttuntturroek, Musika Eskolako soinujoleek eta herriko gazteek. Kalejira horretan, idi pare batek tiraka eramango duen gurdian Olentzero eta Mari Domingi joango dira. Kaleak girotuko dituzte plazan amaitzeko. Behin plazara iritsita Olentzerori ongi etorria egingo zaio eta hitz batzuk egingo ditu. Tartean, kantak abestuko dira eta Itsasiko txikiek dantza egingo dute.
Julian Barrenetxea Abesbatzakoak ere kalean zehar kantuan ariko dira, gero Olentzerorekin bat egiteko plazan.
Beraz, egun borobila izango da 24koa.