Mikel Markez, Erramun Martikorena eta herritarren kontzertua izan zen atzokoa
Hotz egiten zuen kanpoan eta ordu erdi baten faltan, jendea dagoeneko epeltasun bila kulturgunera gerturatu zen. Baina garaia iritsitakoan epeltasuna ez, baizik eta berotasuna jaso zutenak Mikel Markez eta Erramun Martikorena izan ziren. 240 lagun bildu ziren haiek entzuteko, eta txalo zaparradak emateaz gain, kantuz ere lagundu zieten musikarien gozamenerako.
Ekitaldi berezia zen. Martikorena eta Markez elkarrekin, oraintxe bakarka, hurrengoan biak batera. Batzuetan ahots hutsez, bestetan instrumentuz lagunduta —Pello Ramirez eta Arkaitz Miner musikari apartekin—. Kantu ezagun asko abestu zituzten eta horrek entzulea piztu zuen. Baita bi protagonista bereziren parte-hartzeak ere. Entzuleen artetik ezustean aurrena Miren Fernandez igo zen oholtzara, Markezek deituta. Azken diskoko Hiri hartan izan zen abestia kantatu zuten bien artean. Eta kontzertuaren bisean —jendeak "beste bat" eskatu ondoren— berriro ere Markezek deituta Olatz Prat igo zen, Martikorenarekin hirukotea osatuz, Zure begiek abestera.
Kanpoko hotza, alegia, kanpoan geratu zen.