Bihar, lagun giroko afalostea antzerkiarekin

2012/02/15
Ostegun gizen eguna osapatu egingo dugu Sanagustin kulturgunean. Nola? Gure modura, kultur ekitaldi batekin. 'Eta Karmele?' antzerki saioa egongo da (21:30 - 22:00 bitartean hasiko da). Ainhoa Alberdi Gisasola eta Iraia Elias Muniain aktoreen lana da, "bi emakume kotxe batean eserita. Nondik nora doan ez dakigun bide bat. Karmeleren zain. Zein da Karmele? Gure Karmele? Ez da ezer gertatzen, ez dator inor, ez doa inor… izugarria da!!"

Samara Velteren gidoiarekin egindako antzerki lana da 'Eta Karmele?'. Hemen Oier Guillan antzerkigile eta zaleak Berrian duen blogean antzerki honi buruz idatzitako iritzia:

"Eta Karmele?" bi emakumeren arteko elkarrizketa da, umoretsua, eroa eta gazi-gozoa, pentsamendu zentzudunenetik egoerarik absurduenera pausu ttiki bat besterik ez dagoela erakusten diguna. Guztiaren erdigune, Karmele dugu. Nor ote da Karmele? Topatuko al dugu? Nolakoa izango ote da? Zentzurik ba al du Karmeleren bila ibiltzeak? Baina batez ere...non dago Karmele?

Ikusle-kontzientzia dudanetik beti topatu izan ditut formatu txikiko lan interesgarriak Euskal Herrian. Antzerkiaz ari garelarik euskara hutsezko sorkuntza, adierazpena, sentimenduen agerpena, formatu txiki eta ertainean eman izan da sarri. Formatu hauei gaizki erabilitako “amateur” hitza (zenbaitetan modu gutxiesgarrian) atzetik jarri izanagatik agian oharkabean pasa izan zaizkigu askotan. Nago ez ote zaigun gure antzerkigintzaren parte oso garrantzitsu bat agendako zerrenda luzeetan galdu (eta hori zerrenda horietan azaltzen diren komunikabide bakanak aintzat hartuta, noski).

“Eta Karmele?” azkenaldian topatu dudan formatu txikiko lanik interesgarrienetakoa da. Formatu txikia diogu edozein lekutan sar litekeelako kasik, bestela handia baita Ainhoa Alberdik eta Iraia Eliasek transmititzen duten gogoa, indarra eta komunikatzeko gaitasuna. Handia da halaber Samara Veltek absurduaren magia eta teknika barneratzen egin duen ahalegina. Handia emanalditik aterata zabaltzen ahal zaizun asetasun irribarrea, edo-eta-batez-ere-eta-berehala horrelako antzerkia egitea aukeratu dutelako sentitzen ahal duzun poza".

Fitxa

Hizkuntza: Euskara, hitano hutsean (Hikan).
Aktoreak: Ainhoa Alberdi Gisasola eta Iraia Elias Muniain
Gidoia: Samara Velte
Iraupena: 50 minutu

Erantzuna gehitu