Ikuskizun zoragarria eskaini zuten Alurr dantza taldekoek, oinazetik gutxi zuena

Alurr dantza taldearen Oinazez ikuskizunak 200 lagun inguru bildu zituen atzo (otsailak 26, igandea), Sanagustin kulturgunean. Zuzeneko musika, kolore asko eta dantza-pauso ederrak eskaintzen zituen emanaldiak. Ikuslea gustura egon zela esan daiteke, jotako txaloak neurgailu gisa erabilita eta iritzi berekoa da Nerea Zabala Itsasi Euskal Kultur Taldeko ordezkaria ere: "Ordu bete iraun duen ikuskizuna prestatzeko ez dago zalantzarik atzetik lan asko egin dutela. Eta zer hobea, egindako lan guztia eta gero, jendearen txalo zaparrada entzutea baino?". jarraian duzue Zabalak atzoko dantza saioari egindako kronika:
"Otsailaren 26a da. Sanagustin kulturgunean Alurr dantza talde ibarratarraren ikuskizuna ikusteko aukera dago. 18:50erako sartu eta segituan bete da guztia. Jendea zer ikuskizun eskainiko dutenaren zain dago. Alurr dantza taldekoak, berriz, prest, ordua iritsi zain, prestaturikoa bertaratutako guztiei erakutsi asmoz.
Iritsi dira 19:00ak eta puntu-puntuan hasi da ikuskizunari hasiera eman dion musika. Zuzeneko musika posible egin duten musikari ugari oholtza gainean eta horrekin batera hasi dira dantzariak ere oholtzaratzen. Ikusleak, beraz, hasi dira musika zein dantzaz gozatzen.
Dantzarien urduritasuna eta ongi egiteko gogoa nabaria izan da beraien aurpegietan, guztiak ahal zuten bezain ongien dantza eginez eta beti ere musikalariek jotako abestien erritmoei ongi jarraituz.
Oholtza gainean erakusten dutenaz gain, dantza batetik besterako arropa aldaketak ere izan dituzte dantzariek. Deitaile txikiak aldatuz, janzkera ugari ikusteko aukera izan da. Kolore ezberdinak eta arropa mota ezberdinak tartekatu dituzte ikuskizunean zehar.
20:00ak jotzearekin batera eman diote ikuskizunari amaiera. Ordu bete iraun duen ikuskizuna prestatzeko ez dago zalantzarik atzetik lan asko egin dutela. Eta zer hobea, egindako lan guztia eta gero, jendearen txalo zaparrada entzutea baino? Horrelaxe amaitu da saioa, dantza taldekoak irrifartsu, ikusleak txaloka eta guztiak pozik".
Hemen Alurr taldearen 'Oinazez' ikuskizuneko argazki bilduma: klik.
Hortzaka tadearen sketchak
Ostiral iluntzean, Egin Dezagun Bidea-kek antolatuta Hortzaka taldearen sketchak izan ziren kulturgunean. Erika Olaizola eta Ane Arenas aktoreek Eguzkilore eta Bea eta Dora: Poluzioa izeneko bi sketch antzeztu zituzten, 100 lagunetik goraren aurrean.