Hamlet Sargsyan: "Nire estiloa 180ºkoa da eta ez dut uste beste inork halakorik egiten duenik"

Jaiotzez armeniarra da Hamlet Sargsyan. Ikasketez, eskultorea. Ordea, erakusketa margolanez osatu du eta hemengoak dira: "Koadro hauek herrialde honetan egin ditut, Azpeitian. Bertakoak dira". 10 urte dira Azpeitian bizi dela eta marrazten dituen koadroek zerikusi handia dute herriarekin eta herritarrekin.
Zer ezaugarri dute zure koadroek?
Olioarekin egindakoak dira. Surrealismoan oinarritzen direla esango nuke. Ni neu behintzat Salvador Daliren koadroak ikustean inspiratu nintzen. Horregatik diot. Nire estiloa, berriz, 180ºkoa da.
Zer esan nahi duzu horrekin?
Nire koadroek bi zentzutan dute zentzua. Erakusketa honetan, koadroak dauden zentzuan ikusita irudi bat dute, baina gurpilean sartuta dauden koadroei buelta emanez gero beste bat erakusten dute. Koadro batean bi irudi daude, 180ºtan.
Zaila izan behar du horrek. Nola egiten duzu?
Ez dut uste beste inork egiten duenik hori, baina ez dakit. Goitik norbaitek mezuak bidaltzen dizkit eta nik koadroan irudikatzen ditut. Ez dakit zergatik bidaltzen dizkidan niri. Esan dezakedana da hutsetik sortzen zaizkidala ideiak. Bi adibide erakutsiko dizkizut: behin eserita nengoela, behera begiratu eta alaba ikusi nuen zapatak alderantziz zituela. Irudi hori grabatuta geratu zitzaidan eta handik koadro bat egin nuen (behean, bosgarrena); beste behin, Goenan nengoela, emakume bat ikusi nuen bizkarrez, gitarra jotzen, Azpeitira begira. Hura ere grabatuta geratu zitzaidan eta margotu egin nuen. Azken hori, herriko gizon batekin uztartu dut 180 gradutan (behean, bigarrena).
Beste adibiderik?
Bai. Behin autobusean nengoela neska bat ikusi nuen kotxean pasatzen. Gidatzen zihoan, baina bolanteari heldu beharrean, bi eskuekin txapela ondo jartzen ari zen. Beldurtuta geratu nintzen. Emakume hura irudikatu dut koadro batean, bere txapelarekin (behean, azkena).... eta txapelaz ari naizela: gure herrialdean txapela artistek bakarrik eramaten dute, baina hemen denek.
Erakusketa asko egiten al dituzu?
Ez, asko ez. Eta gustatuko litzaidake asko egitea, baina zaila dago. Nik Donostian egin nahiko nuke, esaterako. Gainera, koadro hauek hemengoak dira, herrialde honetan sortutakoak, eta zabaldu nahi nituzke.
Saldu egiten dituzu?
Ez, ez ditut saldu nahi. Nik ez dakit koadroei prezioak jartzen. Koadroak eginez bizi nahi dut, hori bai, eta erakusketak eginez erakutsi, zabaldu.
Argazkiak Facebooken: http://www.facebook.com/hamlet.sargsyan1