Elkartasun kantu lehiaketa egongo da hilaren azken zapatuan

Aurkezpenean esandakoa:
"Gaur hemen elkartu garenak Azpeitiko hainbat musika taldeko kideak gara. Euskal Herrian bizi dugun garai politiko berri honetan, badira oraindik onartezinak egiten zaizkigun gertaerak. Espetxeetan eta erbestean bizi diren hainbat herritarren baldintzek muturrekoak izaten jarraitzen dute.
Larri gaixo diren eta zigor osoa edota 3/4ak beteta dituzten presoak barruan mantentzen dituzte. Eta horien berehalako askatasuna exijitzen dugu. Bestalde, euskal preso politiko guztiek Euskal Herriratuak izan behar dutela deritzogu.
Espetxe politikak, konponbide klabeetara igaro behar du. Euskal Herrian urteetan luzatu den gatazkaren konponbide politikoari bultzada eman behar zaio eta horretarako ezinbestekoa da, espetxean dauden eta erbestean daudenak herrian izatea, gure artean izatea.
Euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen defentsan, guk gure ekarpena egin nahi dugu, musika eginez, oihukatuz, herria animatuz.
Gaur aurkeztuko duguna aurreko urtean, Egin dezagun bidea ekimenak martxan jarri zuen proiektua da. Elkartasun kantu lehiaketa bat jarriko dugu abian. Egin dezagun bidea ekimenak bultzata, hileko azken ostiralek erreferentzia handia hartu dute herrian. Hilero egiten da elkarretaratzea, ondoren elkartasun pintxo poteoa eta gauean ekitaldi desberdinez gozatzeko aukera. Hil honetako ekitaldia ordea larunbatera pasatzea erabaki dugu hartzen duen dimentsioa handia izanik. Hala ere elkarretaratzea eta pintxo poteoa ostiralean mantenduko dira.
Kantu lehiaketa honen nondik norakoak hauek dira:
Azpeitiko 10 musika taldek aurkeztuko dugu norbere kantua.
Old Bridge
Kasik
Aldexok
Skandalue
Sardin zaharrak
Belar txarrak
Segabathor
Friday´s Crew
Egurra ta Kitto
Eta hainbat herritarrek osatutako taldeak egindako kantua
Martxoaren 31n, Sanagustinen aurkeztuko du zuzenean talde bakoitzak norbere kantua. Eta ondoren Interneteko blog batean izango dituzue entzungai.
Kantu lehiaketa abesti batek irabaziko du. Abesti bozkatuena maiatzeko elkartasun eguneko abestia izango da. Eta bestalde, talde horrek elkartasun egunean jotzeko aukera izango du.
Bozketan, herritarrek parte hartuko dute eta baita, adituen mahai batek ere. Kantu lehiaketako abestien bozketa modu honetara egingo da:
1. %25aren balioa izango du zuzeneko aurkezpenean herritarrek bozkatuko duenak, martxoak 31n Sanagustinen bertan.
2. Beste %25a, internet bidez herritarrek bozkatzeko aukera izango dute, apiriletik aurrera martxan jarriko dugun blog batean.
3. Eta azkenik, falta den %50a, osatuko den adituen mahaiaren iritziak balioko du.
Bukatzeko, eskerrak eman Sanagustin kulturguneari ematen ari den laguntzagatik eta grabazio lanetan tekniko bezala ari den Ekaitz Garmendiari. Jarraitu dezagun bakoitza bere eremutik euskal preso eta iheslari politikoen eskubideak aldarrikatzen. Herrian behar ditugulako".