Hauxe duzue Aitzealdenk! Zuzenean 01

2012/04/16
Hauxe duzue Aitzealdenk! Zuzenean 01
Mondocane, Capsula, Antilles, We are Standard, Inoren ero ni, Willis Drummond, Santiago Latorre eta Rauelsson taldeek osatzen dute Aitzealdenk! Zuzenean 01 musikaldia. Jaialdiaren inguruko informazioa www.aitzealdenk.com atarian dugu.

Gaur Aitzealdenk! Zuzenean aurkeztu dugu. Hiru eguneko zuzeneko musika kontzertuen jaialdia, hil honen azkenengo asteburuan izango dena, hain zuzen —apirilaren 27tik 29ra—. Herriko, Euskal Herriko eta atzerrikoek osatutako zortzi taldek hartuko dute parte Aitzealdenk! Zuzenean jaialdiaren lehen edizio honetan.

Apirilak 27, ostiralean: Mondocane herriko taldeak, Capsula eta Antilles frantzesak joko dute.
- Mondocane. Jaialdiaren helburuetako bat denez herriko taldeek ere parte hartzea, Mondocane izango da oraingo honetan atera berri duen UrAzala diskoa aurkezten.
- Antilles. Gutxitan juntatzen dira Antilles taldeko hiru kideak, izatez beste taldeetan jotzen baitute (The Berg Sans Nipple eta Sister Iodine bezalakoetan). Bada, aukera horietako bat jaialdi honetan izango dugu, ostiraleko kartelari berezitasuna emanez.
- Capsula. Estatu Batuetako biratik etorri berritan zuzeneko potentea eskainiko dute, ohi bezala.

Apirilak 28, zapatuan: Willis Drummond, Inoren ero ni eta We are Standard taldeak izango dira. 

- Inoren ero ni. Aski ezagunak ziren BAP! taldearen errautsetatik sortutako taldea, kide eta gogo berriekin etorriko da.
- Willis Drummond. Une honetan Euskal Herrian dagoen zuzenekorik indartsu eta biziena eskaintzen duen taldea.
- We are Standard. Euskal Herritik kanpo ere ezagun egin den Getxoko taldeak 2011ko azaroan atera zuen Great State diskoaren bira hasi berri du, eta Londrestik bueltan lehenengotako kontzertua izango da Aitzealdenk! Zuzenean jaialdian emango duena.

Apirilak 29, igandean: Santiago Latorre eta Rauelsson taldeen zuzenekoekin amaituko dugu lehen edizioa.
- Santiago Latorre. Jaialdiko proposamenik berezi eta arriskatuena. Londrestik espreski kontzertu hau ematera dator. Soinu inprobizazioa eta ikus-entzunezko proiekzioa zuzenean nahastuko ditu. Hemen jo eta gero Primavera Sounden arituko da.
- Rauelsson. Low talde estatubatuar handiaren telonero ibili berritan ibilbide oparoa duen musikari honek Piter Broderick izango du alboan emango duen kontzertuan.

AItzealdenk! Zuzenean 02

Udazkenean Aitzealdenk! Zuzenean musikaldiaren bigarren edizioa izango dugu. Urriaren amaiera aldera izango da, hura ere hiru egunetakoa, eta ari gara taldeak lotzen. Aurreratu dezakegu, batetik, Euskal Herrian azken urteetan puntan dabilen talde bat izango dela: Lisäbo. Eta honekin batera bestetik, 90. hamarkadan euskal taldeen panoraman puntakoa izan zen beste talde baten kontzertua entzuteko aukera bakarra izango dugula Euskal Herrian, bi kontzertu jotzeko itzuliko baitira taula gainera, Bartzelonan eta Azpeitian. Ama Say da taldea.

 

Erantzuna gehitu