Iritzi onak jasotako antzerkia ikusiko dugu igandean: 'Hil arte bizi'

2012/04/20
Iritzi onak jasotako antzerkia ikusiko dugu igandean: 'Hil arte bizi'
Javier Veigak (galiziarra) idatzitako gidoia da, Begoña Bilbaok zuzendari lanak egin ditu eta antzerkian (eta telebistan) eskarmentu handia duten Joseba Usabiaga, Sara Cozar eta Iker Galartza aktoreek antzezten dute. Bi saio egingo dituzte, 19:30ean eta 21:00etan. Antzerki obra honi buruz idatzi dituzten kritiken bilduma egin dugu, interneten bilaketa eginda. Horien arabera, ikustera datorrena ez da damutuko.

Olatz Artola

"....Umorez tratatzen dituzte gai delikatuak. Barrea eta negar malkoak eragiten dituzte. Antzoki Zaharrera bertaratu direnak aho zabalik utzi dituzte, emozionatuta. Gidoia, hiru aktorek egiten duten antzezpena, argiztapena, dekorazioa... zoriontzekoa... 

...Ez dizuet ezer aurreratuko, ikustean nik jaso dudan ezustekoa jaso dezazuen. Merezi du."

Agus Perez (Berria)

"...Umorezko txinparta etengabeak ateratzen ditu gazteen artean ohikoak diren solasaldi azkar, sarkor, argitsu eta gupidagabeetatik. Bide horretatik, ikusle gazte zein helduek gozamena hartu dute hiru protagonisten arteko egoeren bilakaera ikustean, eta horretan zeresan handia eduki du Iker Galartzaren euskaratzeak, batere konplexurik gabe jaso baitu euskaraz Hegoaldeko lagunarteko hizkera freskoa. Hitz egiterakoan ere bere saltsan ibili da Iker, bere pertsonaiaren arazo larriei sinesgarritasun osoa emanez eta beste bi protagonistekin —Sara Cozar eta Joseba Usabiaga—hirukote eszeniko maitagarria osatuz.

...Sano gozatu dugu laguntasun hautsia berreskuratzearen aldeko apustuarekin, eta oso sentsazio gozagarria utzi digu duintasun parametroetatik eraikitako komedia gizatiar honek."

www.28kanala.com

"Arrakasta hil arte bizi antzezlanak"

Erantzuna gehitu