Deitu egiten duen erakusketa

2011 urte amaiera aldera hasi zen erakusketa honen historia. Arte eta Diseinu Ikastegiak ikastaroa antolatu zuen, ez nolanahikoa gainera: Ilustrazio eta komiki tailerra. Sei lagun batu zitzaizkien 8tik 40 urte bitarteko sei ikasle gogotsu: "Ez da leku askotan ikusten hain adin ezberdineko jendea elkarrekin egotea, baina giro oso ona izan dugu", dio Mirian Quintana irakasleak.
Sei hilabeteren buruan bukaera aparta izan du ikastaroak, izan ere han margotutako lanekin erakusketa osatu dute Sanagustin kulturgunean, nahiz eta ikasleek hasieratik errezelo batzuk izan: "Hasieratik esan nien erakusketa egingo genuela eta ez zuten oso serio hartu. Denborarekin eta tarteka gogoraraziz konbentzitu nituen eta orain gustura gaude emaitzarekin". Koloretsua da. Urrutitik atentzioa deitzen duten margolanak daude zintzilikatuta, nahita horretarako, deitzeko eginda baleude bezala: "Komiki ikastaroa ere eman genuenez, koloreei buruz hitz egin genuen eta baliteke zerbait geratu izana eta hortik kolore asko sartu izana lanetan".
Komikiak egiteko dene artean sortu zituzten pertsonaiak eta istorioak. "Gero bakoitzak bere komikia margotu zuen". Izan zuten, ordea, lan gehiago eta zailagoa egiteko aukerarik. "Koadroak egiteko gaia 'Balea' zen, baina baldintza bat zuen: balea berak ezin zuela agertu. Hau da, baleak agertu behar zuen, baina agertu gabe". Eta hori egin behar izan zuten inoiz pintatu gabeak ziren ikasle batzuek. "Oso ondo atera zaizkie".
Erakusketa apirilaren 13an jarri zuten eta 26a arte egongo dira zintzilikatuta, komiki eta koadroak. Zorionez, ez da hor amaituko ikasle hauen ibilbidea, irailean ikastaroarekin jarraitzea pentsatua baitute. Ea beste erakusketa bat sortzeko bidea izaten den.