Aitzealdenk! Zuzeneanen ondorena

Lan handia hartu ondoren Aitzealdenk! Zuzenean 01 antolatzen, azkenean iritsi zen estreinaldiaren eguna, ostirala. Mondocane, Antilles eta Capsula zeuden iragarrita. Herriko taldeak eman zion hasiera jaialdiari, UrAzala diskoa atera berritan ematen zuten lehen kontzertuarekin. Ehun lagun ingururen aurrean (zertxobait azpitik), gogotsu aritu ziren zuzenekoan Asier gurrutxaga, Imanol Beobide, Haritz Amezua eta Iñaki Odriozola. Mondocane taldeak inauguratu zuen, ederki gainera, musikaldia.
Lehen ezustekoa Antilles taldeak eman zigun, eta ez ona. Hitzartutako orduan azaltzen ez eta deitu genienean, taldearen ordezkariak "taldekide baten arazo pertsonalengatik", ezingo zutela etorri eta barkamena eskatu zigun, ahoz. Idatziz eskatu diegu guk ere publiko egin dezagun, baina taldearen zuzenekorik entzun gabe geratu ginen.
Capsulak espero zena eman zuen. Mondocanekoen pare, hauek ere gogotsu aritu ziren eskenatokian, jendea animatuz eta lortu ere egin zuten bertaratutako lagunak burua astintzen eta kantuan jartzea. Entzuna genuen zuzeneko itzela zutela eta baieztatu egin zuten.
Zapatua ondo
Musikaldiko hiru talde ezagunenen txanda zen zapatuan. Inoren Ero Nirekin hasi zen gaua. Eneko Abrego abeslariaren probokazioei erantzunez taldearen zale sutsuenek irribarrez, besoak altxatuz eta burua astinduz erantzuten zieten.
Willis Drummond taldekoek zuzenekoan ondo pasatzen dutela eta bakoitzean dutena ematen dutela erakutsi zuten. Horrek, entzuleak berotu, girotu eta mugiarazi zituen. Agian, jaialdiko momenturik eroena bertan sortu zen.
Zapatua ixteko eta hirurehun entzuleak dantzan jartzeko, bestelako musika estiloa eskaintzen duen We Are Standard taldearen txanda iritsi zen. Pop elektronikoarekin eta kantu dantzagarriagoekin bestelako giroa sortu zuten, ordura arteko Rock kutsukoa ezabatuz.
Igandeak erakargarritasunik ez
Izenei eta ibilbideari begiratuta pisu handiko bi kontzertu ziren igandekoak. Low taldearen telonero izandakoa bata, eta Primavera Sound jaialdian ariko dena bestea. Aurreratua genuen igandeko kontzertuak bereziak izango zirela, Rauelsson eta Santiago Latorre taldeekin. Lehenengoa hasi zen, musika lasai-lasaia eskainiz, hirukote formatuan bi gitarra eta Hammond teklatuarekin (tarteka biolina ere bai). Ondoren, Latorreren musika esperimetala ezagutu genuen. Irudiak proiektatuz, iluminazioa zertxobait landuz eta saxofoiarekin eta ordenagailuarekin soinuak osatuz eskaini zuen kontzertua. Musikaren baitan beste diziplina bat ere badela ikusi genuen bildu ginen 20 lagunok.
Argazki erakusketa
Aitzealdenk! Zuzenean musikaldian zehar argazkilariak ibili dira lanean. Jaialdian zehar atera dituzten argazkiekin Sanagustin kulturgunean erakusketa jarriko dugu. Oraindik data zehazteko dago, baina jakinaraziko dugu. Aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkiegu, Alberto Beloki, Iban Etxezabal, Alaitz Ruiz, Oihan Amezua, Xanti Rodrigez, Juan Mari Ibarzabal, Igor Froilan eta Borja Eizagirre argazkilariei.
Erakusketaz gain, webgune honetan musikaldiaren argazki bilduma ere sortuko dugu.