Ekainean izango den Nömadak TX ekitaldirako sarrerak salgai daude

2012/05/21
Ekainean izango den Nömadak TX ekitaldirako sarrerak salgai daude
Musikaren bitartez munduko hainbat txokotara bidaiatzeko ibilgailu bihurtzen den emanaldia da. Irudiekin lagunduta eta hauetan agertuko diren musikariekin kantak joz, herrialdeak eta pertsonak ezagutzen joango gara. Ekainaren 10ean izango da, 18:30ean, eta sarrerak bi prezio dituzte: aurrez internetetik edo kulturgunean erosiz gero 10€ eta egunean bertan 12€tan egongo dira.

Nömadak TX mugitu egiten diren musikari biren istorioa da. Aldean txalaparta daramate, besteak ez bezalako musika tresna bat, pertsona bi behar dituena. Euren bidaian India, Laponia, Sahara eta Mongolia ezagutu dituzte, eta euren musika hango herri nomaden musikariekin fusionatu dute. Izotzezko eta areazko basamortuak zeharkatu, Mongoliako mendietan zaldi gainean ibili, Indiano mendebaldea trenez gurutzatu...

Oreka Tx txalapartariak, Mixel Ducau musikariarekin batera kontzertu-bidaia ikusgarria egitera gonbidatzen gaitu, agertokian musika eta irudiak uztartuz. Zuzenean jotzen diren kantak Nömadak TX filmeko soinu bandan daude oinarrituak, baina taula gainean musika haratago doa instrumentazio aniztasunak eta hauen sonoritate aberatsak, txalapartaren garapena sustatzeko gune berri eta egokia bihurtzen baitute ikuskizun hau.

Taula gaineko musikariek, pantaila bidez agertuko diren beste hainbat musikariekin batera, India, Laponia, Sahara eta Mongolia barna ibiliz sortutako musika interpretatutako dute. Eszenatokiaren atzealdeko pantaila, leiho erraldoi bilakatzen da eta bertatik abiatzen da herrialde eta pertsona ezberdinak ezagutzera.

Kontzertu multimedia berritzaile honek esperimentazioa eta fusioa lantzeaz gain, herrien arteko elkartasuna eta kultur artekotasuna ditu hizpide.

Erantzuna gehitu