Urrian, Sanagustinen

2012/10/01
Azpeitiko hizkeraren inguruko mahai-ingurua izango dugu; Trena eta kultura zikloaren baitan, besteak beste, 'Bakarrik' umorezko antzerki mutua; Aitzealdenk! Zuzenean 02 musika jaialdia; eta Alurr dantza taldearen 'Izanak dirau'. Horiek beste hainbat gauzen artean.

Urriko lehenengo ekitaldia, asetazken honetan, Gazteak, euskara eta hitanoa Azpeitian mahai-ingurua izango dugu. Euskarak Azpeitian bizi duen egoera aztertuko da, lau azpeitiarrek burututako ikerketen argitan, arreta berezia jarriz gazteengan eta hitanoaren erabilpenean. Josu Goenaga, Maddi Aranburu eta Maitane Izagirre azpeitiarrek hitz egingo dute, Kike Amonarriz tolosarra moderatzaile lanetan dutela. Ostegunean, Udalak emango du prentsaurrekoa Euskara kurrikuluma aurkezteko. Eta aste honetako ekitaldiekin amaitzeko Trena eta kultura zikloa aurkeztuko dugu Burdinbidearen Euskal Fundazioaren Museoak eta Sanagustin kulutrgunean elkarrekin.

Bost ekitaldi izango ditu Trena eta kultura zikloak.  Urolako trena, azken bidaia, erakusketa (urriaren 5etik 30era arte); Norteko ferrokarrila. Trena bertsolarien begitan, hitzaldia. Mikel Aizpuru EHUko irakasleak emana (urriak 10); Bakarrik (Solitos), komediazko antzerki mutua (urriak 14); Oroimenaren bidea, bideo proiekzioa (urriak 17); eta Umeentzako eskainitako eguna, eskulan tailerra eta marrazki proiekzioarekin (urriak 27).

Aitzealdenk! Zuzenean musikaldiaren bigarren edizioa ere izango dugu. Oraingoak bi egun izango ditu, ostirala (urriak 19), MobyDick, Anaia-arrebak eta Grises taldeekin eta, zapatua (urriak 20), Ama Say, Lisabö eta DJ Makala taldeekin. Urriaren 21ean, Azpeitiko Musika Bandaren kontzertua egongo da, eguerdian.

Eta azkenik, urriko azken ekitaldia: Izanak dirau, dantza saioa. Ibarrako Alurr dantza taldearen ikuskizun berria da. Urriaren 28an izango da, igandez.

Erantzuna gehitu