Otsailaren 2an, BEBEren kontzertua izango dugu Sanagustin kulturgunean

2012/11/20
Aurten kaleratu duen ' Un pokito de rocanrol ' diskoa aurkeztera etorriko da, modu akustikoan. Azken lan honetan ere, berrikuntzaren aldeko apustua egin du, barrutik eta indarrez abesten jarraitzen badu ere. Disko “ausarta eta garaikidea” dela definitzen dute. Beraz, 2013ko otsailaren 2an, 23:00etan, hitzordua adostu dezakegu, gustuko baduzue.

Bebe 2004an agertu zen musika esparruan, Pafuera telarañas diskoarekin eta “Malo, malo, malo eres; no se daña a quien se quiere” zioen kanta ezagunarekin. Goia jo zuen mezu zuzen-zuzenekin egindako kantuekin, gure artean ere ederki zabalduta. Eta sariak iritsi zitzaizkion bata bestearen atzetik: Premios Ondas 2004, Grammy Latinoa Artista Berriari, Pop diskorik onenarena... 500.000 diskotik gora saldu zituen Espainiako estatuan bakarrik.

Atsedenaldiaren ondoren berriro laudorioak

2 urtez biran ibili ondoren, 2006an atsedenaldia hartzea erabaki zuen eta tarte horretan zinema lanetan aritu zen, aktore gisa. Honako filma hauetan hartu zuen parte: La educación de las hadas (Jose Luis Cuerdarena), Caótica Ana (Julio Medemena), El oro de Moscú (Jesús Bonillarena), Al sur de Granada (Fernando Colomorena) Entre cien fuegos (Iñaki Eizmendirena) eta Busco (Amnistia Internazionala erakundearentzat egindako laburmetraia).

Eta isilaldiaren ondoren, 2009an, Y. diskoarekin agertu zen berriro musika arlora. Bere barruko mundua, baina “inolako lotsarik gabe” azaleratua jasotzen zuen diskoak. Eta berriro iritsi zitzaizkion sariak: diskorik salduena, urteko Diskorik onena eta bestelako aipamen batzuk jaso zituen.

Rockanrola

Orain artean bezala, indartsu eta sentimenduak azaleratuz hirugarren lan batekin itzuli da oholtzetara. 2012ko otsailean, Un pokito de rocanrol izeneko diskoa argitaratu zuen. Beberen espiritua mantentzen duen diskoa, baina oldarkor, punki aurkeztua; berrikuntza bila aritu ostean, poparen estruktura klasikoak hautsiz sortua. Hala nabarmendu dute adituek azken lan hori. Horren adibide da, diskoa aurkezteko erabili zuen K.I.E.R.E.M.E. kanta. Eta ondo doakio egindako pustua, izan ere, berriro sariak lortzeko izendapenak iritsi zaizkio eta hemen ikus dezakuen bideo honekin, Mi guapo, Grammy latinoetarako izendatu dute.

Azpeitiko Sanagustin kulturgunean Beberen kantak zuzenean entzuteko aukera izango dugu, 2013ko otsailaren 2an, 23:00etan. Euskal Herrira etorriko da hiru kontzertu eskaintzera eta Gipuzkoan emango duen bakarra izango da gurea. Sarrerak salgai daude honako leku hauetan: kulturgunean, www.sanagustinkulturgunea.net-en eta www.riffmusic.org-en.

Kontzertua: Bebe.
Eguna: Otsailak 2, zapatua (2013)
Ordua: 23:00.
Sarrerak: Aurrez 14€ / egunean 17€.

Erantzuna gehitu