Bazkidetu zaitez Kultur Mahaian, Sanagustinen proiektua-eta laguntzeko
Sanagustin kulturgunea iazko abenduan ireki zen, eta Azpeitiko Kultur Mahaiak orduan ekin zion herritarren artean bazkideak lortzeari, herriko "kultur mugimenduari gorputz sozial handiagoa emateko". Orain Sanagustin osatua zabaldu dela-eta berriro heldu dio kanpainari, eta dagoeneko 270 bat bazkide dira guztira.
Urtean 10 euro baino ez da Kultur Mahaiko bazkidetza, eta Sanagustineko proiektua sendotzen, kultur komunikabideak sortzen eta garatzen, herriko kultur egitaraua hobetzen, Kultur Mahaiak baliabide hobeak izaten... laguntzen du bazkideak.
Gainera, abantailak dauzka, zozketen bidez: ekitaldien sarrerak, diskoak, liburuak, elastikoak...
Fitxa hau bete behar da bazkide egiteko. Era berean, Sanagustin kulturgunean txartelak eta bazkide kaxa daude.