Txapelez gain, Joxe Lizaso, Joxe Agirre eta Imanol Lazkano izan ziren protagonista bertso saioan

2012/12/26
Erniarraitz Bertsozale Elkarteak urtero antolatu ohi duen 'Txapelen omenezko bertso saioa'-n hiru azpeitiar handiak omendu zituzten. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Sebastian Lizaso, Amets Arzallus, Uxue Alberdi eta Aitor Mendiluze aritu ziren bertsotan. Hiru zati izan zituen saioak: Laxaro Azkune gai-jartzailearen esanetan ibilitakoa aurrenekoa; bigarrena, non Lizaso, Agirre eta Lazkanoren garai bateko bertso jardunen bideoak izan ziren gaien iturri; eta hirugarrena, Jose Luis Gorrotxategi eta Lazkano bera bertsoak kantatzera igo zirenekoa (bideoan). Jendaurrean bertsotan aritzeari utziko dio Lazkanok aurten eta hunkituta amaitu zuen herriaren aurrean botatako azken bertsoa kantatzean.

Eta bideo honetan Aitor Mendiluze Joxe Agirrez kantuan. Gaia honako hau zuen: "Semeak Joxe Agirre nora joan den galdetu dizu" (bideoaren audioa ez da oso ona, eta jarraian bertako bertsoak idatzita dituzue).

1.- Berririk latzena danba,

elkarri hitzen esanda,

heldu da Joxeren txanda.

Jaiotzen denka hiltzea zor du

eta zor horrek demanda,

baina hala behar zan da,

Joxe Agirre 'Oranda',

denon memorira joan da.

2.- Plazarik plaza jo ta ke,

joxek ze sen ta ze arte,

askok kontatu didate.

Beraz nahiz eta gorputzez joan

gure ondotik aparte,

bertsoa bera bitarte,

izango da geure parte,

geuk kantzatzen dugun arte.

3.- Beti eztarriaz kexu,

baina gero zenbat mezu,

ta bere hitzetan ze su.

Jon nere hitzei ez ulertuen

keinua egin diezu,

ai harrituta zaude zu,

nola uler dezakezu,

lasai ulertuko dezu.

Erantzuna gehitu