Abian da Arkupe Hotsak egitasmoaren bigarren edizioa

Hasieratik, 2011tik, sortzaile berriei babesa eskaintzea izan da Kulturaz kooperatibaren xedeetako bat. Horregatik, urte hauetan modu desberdin askotan gerturatu gara sortzaileengana, eta sarritan luzatu diegu eskua, soratzaileen lanari bide emateko baliabideak eskainiz (kontzertuak, grabaketak, erakusketak, antzerki sormen egoitza programa…).
Bide horretatik, 2017an abian jarri genuen Arkupehotsak proiektua, Sanagustin kulturguneko arkupean atondutako oholtzan euskal musikaren alorrean sortzaile berriei eta musika ekimen berriei bide emateko plaza gisa.
Hona proiektuaren helburu nagusiak:
- Musika sortzaile berriei nahiz garatze bidean dauden musika proiektu berriei plaza duin bat eskaintzea.
- Herriko, eskualdeko eta oro har Euskal Herriko sortzaileen dinamika aktibatzea.
- Euskarazko sorkuntzarako baliabideak jarri eta euskal musikari hedapena ematea.
- Musika sortzaile berrien erreferentzia puntu bat izatea.
- Inguruan ditugun sortzaileak balioan jarri eta euren jardunerako tresnak eskaintzea.
Lehen edizioak uzta ona utzi zuen eta musika proposamen interesgarriak plazaratzeaz gain Hazparneko Falta taldearen diska plazaratzea ahalbideratu zuen. Hala ere, jardun hauek lanketa eta denbora behar izaten dute, eta badago zer hobetua. Proiektua bere bidea marraztuz joango da.
Aukeratutako taldeei kontzertua emateko abagunea, ekipamendu osoa, afaria eta promozioa eskaintzen dizkiegu. Gainera, zuzenekoak eskainiko dituzten talde horien artean aukeratutako bati disko bat grabatu eta 500 kopia argitaratuko dizkiogu edota bideoklipa grabatuko diogu. Eta, beste talde batek, eszenatoki handian talde ezagun batekin jotzeko aukera izango du.
2018ko irailetik martxan den bigarren edizio honetan 10 talde berriren proposamenak entzun ahal izango ditugu. Irailean Soma Cult eta Dunne taldeak izan genituen, pasa den ostiralean Izei eta Deus Ez taldeak, eta datorren maiatzera bitartean beste 6 talde pasako dira Sanagustin kulturguneko arkupeko oholtzatik. Nomadak eta Dekot taldeak, esaterako, otsailaren 8an izango ditugu arkupeetako oholtzan.
Eskertu beharrean gaude ekimen honetan babesle nagusia den Bankoa-ri eta bidelagun ditugun beste eragileei: Sortzaile eta eragile desberdinei, Azpeitiko Udalari, Dinamoa Sormen Guneari, Badok.eus-i, Musikazuzeneani, Gazteari eta Kultura Live-i.