Abian da Arkupehotsak ekimenaren edizio berritua

2022/11/16
Abian da Arkupehotsak ekimenaren edizio berritua
Maialen Aristegi, Biken Larrañaga, Eneritz Beraetxe eta Lorea Zulaika musikari gazteek Eñaut Gaztañagaren formakuntza teknikoa eta  Gartxot Unsain, Tomas Lizarazu eta Olatz Salvadorren bidelaguntza artistikoa jasoko dituzte besteak beste, Dinamoan egingo duten sormen egonaldian. Gainera, musikari gazte bakoitzak kontzertu bana eskainiko du Sanagustin kulturgunean, bidelagunen parte hartzearekin.

 

2017an Azpeitiko Kulturaz kooperatibak abian jarritako proiektua da Arkupehotsak. Jada lau edizio osatu ditu sortzaile berrien plaza izan nahi duen ekimenak. Tarte honetan dozenaka taldek zapaldu dute Sanagustingo arkupeko oholtza. Bitartean, Kulturaz kooperatibaren proiektua bera ere osatzen joan da; ekitaldietatik haratago sormen eta transmisio proiektu ugari garatzen ditu orain. 

Ekimenaren bidez, Dinamoa sormen guneko Soinuaren Eremuko ateak irekiko dira lehen aldiz. Sormen egonaldien bidez, esperientzia osoago bat eskainiko zaie musikari gazteei: musika sortu, ikasi, prestatu eta plazaratzeko aukera bat.  Doinu berrien plaza ez ezik, laborategia, ikasteko eta esperimentatzeko espazioa izango da Arkupehotsak

Sortzaile berriei jardunerako tresnak eskaintzea, inguruan ditugun sortzaileak balioan jartzea eta belaunaldi berriei plaza bat ematea dira proiektuaren xedeak.

Erantzuna gehitu