Abian da Arkupehotsaken seigarren edizioa

2023/12/14
Abian da Arkupehotsaken seigarren edizioa
Arkupehotsaken seigarren edizioa aurkeztu zen asteartean, abenduak 12, Dinamoa sormen gunean.

 

Musika sortzaile berrien plaza izaten jarraitu nahi du Kulturaz kooperatibak antolatzen duen Arkupehotsak ekimenak bere seigarren edizioan. Xabier Badiola, Haizkan, Larrux eta Kulata taldeek parte hartuko dute bertan. Musika eta soinuaren inguruan sortzea, ikastea eta berau plazaratzea dira proiektuaren lan ildo nagusiak. 

Taldeek Dinamoa sormen guneko Soinuaren Eremua erabiltzeko aukera izango dute, entsegua egin eta zuzenekoa prestatzeko. Gainera, talde guztiek bi formakuntza saio jasoko dituzte; teknikoa lehenengoa Eñaut Gaztañagaren eskutik eta artistikoa ondoren, Lide Hernando eta Gartxot Usainen eskutik. 

Azkenik, Sanagustingo arkupean kontzertu bana eskainiko dute taldeek. Otsailaren 25an Xabier Badiola eibartarra igoko da Sanagustingo arkupeko oholtzara. Badiolak, beste zenbait taldetan jo ondoren, bakarkako ibilbideari ekin dio, folkera itzuliz. Lan luze bat aurkeztu berri du.

Martxoaren 24ean Larrux taldeak hartuko du arkupeko oholtzaren lekukoa. Larrux rock eta indie doinuetan aritzen da, batzuetan bakarrik, beste batzuetan beste musikarien laguntzaz. Hainbat taldetan baxujole eta gitarjole ibili ostean, bakarka kantuak sortzera eta mikroa hartzera animatu zen.

Apirilaren 28an, berriz, Haizkan taldea arituko da Sanagustingo oholtzan. 2020. urtean sortutako taldea da. 2022an lehen EP-a kaleratu zuten, "Etsi" izenpean. 2023an 3 single kaleratu dituzte eta orain grabaketetan murgilduta dabiltza, 2024 hasieran EP berri bat kaleratzeko.

Azkenik, maiatzaren 26an Kulatak emango dio itxiera Arkupehotsaken seigarren edizioari. Kulata arte eszeniko, plastiko eta musikalean izandako esperientziek batutako taldea da. Ahotsak, synthea, perkusioa, bibolina, gitarra, baxua eta idazketa harremanetan jarri nahi dituzte, esperimentaziorako eta plazerrerako gune batean.

Datak gerturatu ahala joango gara kontzertuen xehetasun gehiago ematen. 

Erantzuna gehitu