Abian da Arkupehotsaken zazpigarren edizioa

2025/01/31
Abian da Arkupehotsaken zazpigarren edizioa
Arkupehotsaken zazpigarren edizioa aurkeztu zen ostegunean, urtarrilak 30, Azpeitiko Dinamoa sormen gunean.

 

Musika sortzaile berrien plaza izaten jarraitu nahi du Kulturaz kooperatibak antolatzen duen Arkupehotsak ekimenak bere zazpigarren edizioan. Kitziki, Rekiem, Karena eta Pertz taldeek parte hartuko dute bertan. Musika eta soinuaren inguruan sortzea, ikastea eta berau plazaratzea dira proiektuaren lan ildo nagusiak. 

Taldeek Dinamoa sormen guneko Soinuaren Eremua erabiltzeko aukera izango dute, entsegua egin eta zuzenekoa prestatzeko. Gainera, talde guztiek bi formakuntza saio jasoko dituzte; teknikoa, lehenengoa, Jon Badiolaren eskutik eta artistikoa ondoren, Jon Basaguren eta Libe Garcia de Kortazarren eskutik. Azkenik, Sanagustinen kontzertua eskainiko dute talde guztiek.

Rekiem metal eta rock doinuak lantzen dituen talde azpeitiarra da. Duela bi urte sortu zen, eta lehen kontzertua Zarauzko Hiruputzu gaztetxean eman zuten. Ordutik, hainbat gaztetxetan eta herriko festetan eskaini dituzte kontzertuak. Laster LP bat grabatzeko asmoa dute. 

Kitziki taldeak jai giroko erromeria estiloko musika jotzen du. Duela urtebete sortu zen Elgoibarren eta lehen kontzertua Abaraxka aterpetxean eman zuten 2024ko martxoan. Ordutik, Elgoibarren eta Azkoitian kontzertu ugari eman dituzte.

Karena Antzuola eta Hernaniko taldea da, eta pop eta folk doinuak lantzen ditu. 2022an sortu zen taldea eta hasiera hartan, bi urtez, euskal kantuen bertsioz osatutako kontzertuak ematen zituzten. 2024ko martxoan ordea, lehen diskoa kaleratu zuten. 

Pertz 2024. urtean Zumaian sorturiko pop rock taldea da. 'Ezarritako Arauak' izenpean kaleratu zuten lehen lana martxoan, eta 2025ean bigarren disko baten grabaketarekin hasteko asmoa dute. Taldekideek Zumaiako musika eskolan ikasi zuten, eta azken urteotan hainbat proiektutan parte-hartu dute: Blowing soul, Breakkin Brokoli, Parrazta, Biderbost eta Hamarru elektrotxaranga.

Lau taldeen kontzertuak ikusteko aukera egongo da udaberrian Sanagustin kulturgunean.

Erantzuna gehitu