Adi egon seinaleari, badatoz 'MikroUhinak'

Eragile eta hedabide desberdinen arteko elkarlanetik, norbere berezitasunetik, emateko, jasotzeko eta irabazteko asko dugula uste dugu, elkarlanean aritzeak indarrak batu ez ezik biderkatu ere egin ditzakeelako.
Kultur ekitaldien laburpen bideoak, zuzenekoen grabazioak, elkarrizketak, erreportaiak nahiz bestelako bideo formatuak garatuko ditugu elkarlanean sortu den ekimen honen bidez.
Ikus-entzunezko euskarriek gaur egungo komunikazioan duten garrantziaren jakitun gara, eta batik bat, sarera eta sarearekin lotutako kontsumo ereduetara egokitutako bideoak izango dira MikroUhinak: laburrak, dinamikoak, freskoak eta ikuserrazak. Azpeitiko kulturgileentzat lagungarriizatea eta kultur ekimenak lau haizetara zabaldu eta ikusgarritasuna ematea da helburua.
Pasa den abenduan, Sebastian Lizasok Maialen Lujanbiori Bertsolari Txapelketa Nagusian txapela jantzi bezperatan, argitaratu genuen Uztarriak, Urola Kostako Hitzak eta Kulturaz Kooperatibak elkarlanean lehen bideoa, Beñat Lizaso semeak aita Sebastiani egindako elkarrizketa, hain zuzen ere. Indarrak batuz asko egin genezakeela ikusita, ikus-entzunezko formatua oinarri hartu eta elkarlan iraunkorra egin genezakeela ondorioztatu genuen, eta horren emaitza da MikroUhinak.
Lehen MikroUhinak argitaratu berri dugu, Azpeitiko Udal Musika Banda, Julian Barrenetxea Abesbatza eta Azpeitiko Argazki Elkartearen Karnabaletako kontzertuaren laburpen-bideoa, hain zuzen ere. Probak egiten joango gara, formatuarekin erabat gustura geratu arte. Adi egon seinaleari, MikroUhinak gelditzeko etorri dira eta.
MikroUhinakeko ale guztiak, eta horiekin batera, egiten ditugun argazki bilduma guztiak, jasota geratuko dira Multimedia atal berrian, www.kulturaz.eus webgunearen azalean. Atal berri hau egin ahal izateko laguntza eman digun Eusko Jaurlaritzari eta posible egiten duten argazkilari, elkarrizketatzaile, talde eta gainontzekoei eskerrak eman nahi dizkiegu.