Alberto Beloki

2016/11/03
Alberto Beloki
Divenire_Azpeitia
Afizioa du argazkilaritza. Azpeitian badugu horren berri eta sarri ikusten dugu kamera eskuan, behatzaz botoia zapaltzen. Bere sare sozialetan ere erakusten ditu han eta hemen ateratzen dituen argazki bikainak. Meritu izugarria du; guri laguntzeagatik; egiten duena egiten duelako. Asko delako.

Bai meritua du eta aldiro-aldiro zorretan geratzen gara. Izan ere, Alberto Belokiri esker artxibategi ederra ari gara osatzen Kulturaz Azpeitiko Kooperatibak duen Flickr kontuan. Kooperatibak antolatzen dituen ekitaldien bildumak dira gehienak, Sanagustin kulturgunean eta Soreasu Antzokian izaten diren zuzenekoetakoak, batez ere. Horrela jarraituz gero, hainbat urteren ondoren, estimatuko dugun argazki biltegi baten aurrean egongo gara.

Igaro den asteburu honetan hiru ekitaldi nagusi izan ditugu. Pailazo ikuskizuna, dantza eta kontzertua. Hiruetan izan da Beloki eta emaitzak, bistan da, irudi bidez iritsi zaizkigu. Irudi ederrez. Hemen bildumak.  

Ekain-Txou

Ekain Ibarguren azpeitiarraren lan berria izan genuen zapatu arratsaldean, Sanagustinen. Kulturgunea bete egin zen eta artean jendea kalean geratu zen. Ikuskizun berezia izan zen, Ibarguren berak aurrez esan zuen bezala, "orain artean inoiz ikusi gabea Euskal Herrian". Barre pila bat egin genuen, heldu zein haurrek.  

Ekain-Txou 

Divenire

Zapatu iluntzean, Soreasun, Elorrioko Logela Multimedia eta Zaragozako Circle Of Trust taldearen elkarlanetik sortutako Divenire saioa izan genuen. Dantza garaikidea eta break dance-aren arteko nahasketa zituen ikuskizunak. Sei dantzarik, progresiboki indarra eta bizkortasuna hartu zuen emanaldia eskaini ziguten. Halakoak Azpeitian ikustea luxua da.

Divenire 

Depedro + Mobydick

Igandea zuzeneko kontzertuarekin amaitu genuen. Depedro artista handiak bere azken diskoa aurkeztu zuen Azpeitian, Bartzelona, Zaragoza eta Gasteiztik pasata. Atarikoan gertatu bezala (duela urte batzuk izan zen aurreko diskoa aurkezten), El pasajero lan berriarekin ere ez zuen hutsik egin eta zaleak gustura utzi zituen, dantzan eta kantuan jarri ondoren. Mobydick-ek egin zituen hasierako lanak. Bakarlari bizkaitarrak goxo hartu gintuen bere ahotsean. Astea amaitzeko modu bikaina izan zen. 

Depedro+Mobydick 

Beste behin, bilduma eder hauengatik eskerrak ematea tokatzen zaigunez: Mertzi, Beloki!

Erantzuna gehitu