Arkupehotsak, musika talentu berriak plazara!

2026/06/02
Arkupehotsak, musika talentu berriak plazara!
Ekainaren 13an, 18:00etan hasita, Maider Cigarroa, I6 eta Hartzak Zeruan taldeek kontzertu bana eskainiko dute Arkupehotsak egitasmoaren baitan.

Kulturaz Kultur Kooperatibaren Arkupehotsak ekimenak musika sortzaile berrien plaza izaten jarraitu nahi du bere zortzigarren edizioan. Musika eta soinuaren inguruan sortzea, ikastea eta berau plazaratzea dira proiektuaren lan ildo nagusiak.

FORMAZIOA
Urtero lez, taldeek formazio teknikoa eta artistikoa jasotzen dute. Aurtengo edizioan, Iñigo Etxarri eta Sara Zozaya musikariek beraien esperientzia profesionala elkarbanatu zuten formazio artistikoan. Besteak beste, sormen prozesuari buruz hitz egin zuten eta gaur egungo musikaren merkatuaren inguruan aritu ziren. Formazio teknikoan, berriz, Kulturaz Kultur Kooperatibako teknikariek kontzertu baterako beharrezkoak diren elementuen berri eman zieten. Teknikoen gomendioak entzun, eta taldeen errealitateak ezagutu eta kontrastatu zituzten. Horrez gain, zuzeneko soinu froga batean egoteko aukera izan zuten.

Arkupehotsak formakuntza 2.jpg

EMANALDIA
Urte osoan zehar lanean ibili ondoren, beraien abestiak plazaratzeko momentua iritsi da. Ekainaren 13an aurtengo talde hautatuek emanaldi bana eskainiko dute. 18:00etan hasiko da kontzertua Plaza Nagusiko arkupean, Sanagustinpen, eta irekia izango da.

Hemen aurtengo taldeen informazioa: 

  • MAIDER CIGARROA: Maider Cigarroa Iparraldetik datorren abeslari eta konpositorea da. Bere bakarkako proiektuan, transmisioa, memoria eta belaunaldien arteko loturak lantzen ditu, bereziki emakumeen arteko transmisioan arreta jarriz. Ahotsa, erritmoa eta gorputza dira bere sorkuntzaren ardatzak, keinu eta lotura ikusezinak azaleratzeko. Zuzenekoa giro intimo eta erritmikoan pentsatua dago, kolektibotasunaren eta entzute partekatuaren inguruan eraikia.

  • I6: Elorrioko Izeiren proiektu pertsonala da. Dagoeneko 2 diska kaleratu ditu, instrumentu denak berak grabatuta, eta hirugarren bat prestatzen ari da. Euskaraz abestutako kantak zein instrumentalak konposatzen ditu. Hainbat estilo jorratzen ditu, baina gehienbat rock musika lantzen du.

  • HARTZAK ZERUAN: Arakil bailarako Hiriberrin sortutako PowerDuo-a gara Hartzak Zeruan. Biok, Aitor eta Alain, 2024ko udan zerbait jotzeko gelditu eta pixkanaka gustua hartzen joan gara bikote izateari. Hor hasi zen Hartzak Zeruan taldearen hazia.

    2025ean 6 abestiz (6 alez) osatutako lehen EP grabatu dugu, Bidean deitzen dena. Diska aurkezpen hainbat kontzertu jo ditugu eta lehiaketetan sailkatuak izan gara, besteak beste, Villasound 2025 finalista, Herri urrtaseko maketa lehiaketan finalista eta gazteako maketa lehiaketan aurrefinalista.

Arkupehotsak_26_kontzertua-01.jpg

Erantzuna gehitu