Arkupehotsak proiektuan izena emateko epea zabaldu da
Inoizko aukerarik zabalenarekin dator Kulturaz Kultur Kooperatibaren 2027ko Arkupehotsak egitasmoa. Bederatzigarren edizio honetan, Rural Kutxaren babesari esker, inoiz baino programazio eta eskaintza osatuena prestatu dugu.
2018az geroztik, musika eta soinuaren inguruan sortzea, ikastea eta berau plazaratzea izan dira proiektuaren lan-ildo nagusiak. Argi dugu musikariei bidea egiten lagundu eta baliabideak eskaintzea ezinbestekoa dela, eta helburu horri eutsiko diogu aurten ere.
Proiektua ikusgarritasunetik abiatu zen, eta edizioek aurrera egin ahala hasierako planteamenduari formakuntza-saioak gehitu zitzaizkion. Aurten, bilakaera horretan beste urrats bat egin dugu aurrera, egonaldi formatua dakarkigu berritasun gisa. Gainera, edizio honetan edozein musika taldek zein bakarlarik eman ahalko du izena, izan hasiberria edo ez. Edozein proiekturentzat sortzeko, ikasteko eta oholtza gainera igotzeko aukera paregabea izango da.
Abenduaren 13ra arte eman ahalko da izena, deialdira aurkezten diren talde zein bakarlariek honako aukera hauek izango dituzte:
SORTU
Urtarriletik apirilera bitartean, Dinamoa sormen guneko espazioak eta baliabideak erabiltzeko aukera izango dute hautatutako taldeek, beren musika lantzeko, entseguak egiteko eta zuzenekoa prestatzeko.
IKASI
Urtarrilaren 30ean eta 31n taldeek formakuntza-egonaldia egingo dute. Musika sortzeari, ekoizteari eta plazaratzeari buruzko hiru saio izango dituzte: Eñaut Gaztañagaren eskutik, grabaketa, maketa eta produkzio-lana nolakoa den ezagutuko dute Gaztain estudioan. Osa eta Mujika dantzariek, berriz, eszenaratze eta eszenografia on bat prestatzeko aholkuak emango dizkiete. Azkenik, euskal musika-zirkuituan mugitzen diren hainbat profesionalekin komunikazioaz, hedapenaz eta industriaren funtzionamenduaz arituko dira.
Formakuntza egingo duten asteburuko egonaldian ostatu- eta otordu-gastu guztiak barne egongo dira.
PLAZARATU
Jakitun gara musikarientzat ezinbestekoa dela beraien abestiak ezagutaraztea. Horregatik, aurten plazaratu fasea indartzeko lan berezia egin dugu. Urtero bezala, taldeek emanaldi batekin borobilduko dute egitasmoa. Apirilaren 23tik 25era ospatuko da Arkupehotsak asteburua, eta zuzeneko horretan talde bakoitzari abesti baten soinua eta irudia grabatuko zaizkio, etorkizunean bideoklipa sortzeko. Asteburua borobiltzeko, Marenek kontzertua eskainiko du Sanagustin kulturgunean. Gainera, aurten, talde bakoitzak 300 euroko ordainsaria jasoko du emanaldiagatik, eta apirileko asteburuko ostatu- eta otordu-gastu guztiak ere barne egongo dira.
