Arkupehotsak, sortzaile berrien plaza

Urtarriletik ona, Dinamoa sormen gunearen abaroan, taldeek beraien proiektuak sortzeko eta garatzeko aukera izan dute. Horretaz gain, apirilean, Idoia Asurmendi eta Gartxot musikariek formakuntza artistikoa eskaini zieten taldeei. Besteak beste, sare berriak eraikitzearen garrantziaz eta arrakastaren pertzepzioaren inguruan hausnartu zuten. Jon Badiola soinu teknikariarekin, berriz, kontzertu batean behar diren elementu teknikoen inguruan aritu ziren.
Urte osoan zehar lanean ibili ondoren, taldeei iritsi zitzaien beraien abestiak plazaratzeko momentua. Uztailaren 5ean, Sanagustin kulturgunean egindako emanaldi kolektiboan abestiak taularatu eta aurkeztu zituzten. Oholtza gainean musikari profesional batzuen pare aritu ziren.
Urtero lez, sormen prozesuaren fase guztiak sustatzea izan da egitasmoaren helburua eta Kulturaz Kultur Kooperatibatik balorazio positiboa eginda borobildu dugu aurtengo edizioa. Hau hasi besterik ez da egin, taldeek bide luzea dute aurretik. Esperientzia hau maila ezberdinetako musikarien zubi lana besterik ez da izan, etorkizunean sortuko dituzten proiektuen hazia. Jarrai dezagun, beraz, musika sortzaileak saretzen.
Hemen duzue 2025eko Arkupehotsak egitasmoaren laburpen bideoa: