Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak lankidetza hitzarmena sinatu dute

2021/02/25
Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak lankidetza hitzarmena sinatu dute
Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak elkarlanean jarraituko dute kultura sustatzeko, lankidetza hitzarmena sinatu dutelako.

Udalbatzarrak otsailaren 2ko osoko bilkuran onartu zuen hitzarmena, aho batez (EH Bildu, EAJ), eta Nagore Alkorta alkateak eta Jose Luis Otamendi Kulturazeko lehendakariak gaur (otsailak 25) sinatu dute, udaletxean, agerraldi publiko batean.

Udalak eta Kulturaz kooperatibak 2011. urtean ekin zioten lankidetzari, Sanagustin kulturgunearen proiektuari eta kudeaketari buruzko hitzarmena izenpetuta. 2014an, berriz, Soreasu antzokiko akordioa sinatu zuten. Kulturazek, Azpeitiko Kultur Mahaiarekin batera, Dinamoa sormen gunea ere gestionatu du, 2016tik aurrera. Aurrerapauso integralagoa eman dute orain. Izan ere, Kulturazen eta Udalaren arteko hitzarmenak Sanagustin, Soreasu eta Dinamoa barnebildu ditu itun batean, kultur egitasmoari osotasun bat emanda.

Akordioak 2024ra arteko iraupena du, eta beste lau urtez luzatu ahal izango dute.

Kultur Mahaiak 2011n sortutako kooperatiba bat da Kulturaz, irabazi-asmorik gabekoa, lankidetza hitzarmenak ere nabarmendu duenez. Urtean 200 bat ekitaldi antolatzen ditu, proiektu ugari dauka, askotariko harremanak Azpeitian eta Euskal Herrian, 25 bat langile, aurten milioi eta erdi euroko aurrekontua, ostalaritza zerbitzua Sanagustinen…

Hitzarmena osorik irakurtzeko, sakatu hemen. Honako lotura hauetan daude, berriz, erabilera eta funtzionamenduaren inguruko eranskina eta Kulturaz kooperatibak aurkeztutako proiektua

LANKIDETZA HITZARMENAREN GAKO NAGUSIAK

> Kulturaren sustapena. Kulturaz kooperatibak, Azpeitiko Udalarekin lankidetzan, kultura sustatzeko proiektuak eta jarduerak antolatu eta gauzatuko ditu.

> Sanagustin, Soreasu eta Dinamoaren kudeaketa. Sanagustin kulturgunea, Soreasu antzokia eta Dinamoa sormen gunearen erabileraz eta ustiapenaz proiektuak aurkezteko tartea ireki zuen udalak orain dela hilabete batzuk. Horrela, Kulturazek “proiektu oso, zehatz eta xede handikoa” aurkeztu zuen, orain artean eginiko lanaren erakusle.

> 2024ra arte, luzatzeko aukerarekin. 2021-2024ra arteko epea du Udala-Kulturaz hitzarmenak. Beste lau urtez luzatzea erabaki dezakete.

> Aurrerapauso bat lankidetzan. Lehendik datorren lankidetza indartu, eta aurrerapauso bat emango da. “Erakunde laguntzaileak [Kulturaz kooperatibak] urte asko daramatza udalarekin lankidetzan kultura sustatzeko, kultura jarduera ugari programatzen eta udal interes argiko kultura proiektuak gauzatzen” eta “kultura ekipamenduen kudeaketaz arduratzen”, dio hitzarmenak.

> Jarraipen Batzordea. Udalak eta Kulturaz kooperatibak hitzarmenaren Jarraipen Batzordea osatu dute.

> Balio sozialak ere bai. Kulturazek, kultur arloko betekizunez gain, genero berdintasuna, hizkera ez-sexistaren erabilera eta euskararen sustapena ere izango ditu.

Nagore Alkorta, Azpeitiko alkateak, hitzarmena “oinarri sendoa duen bidea indartzeko pauso berri bat” dela adierazi du. “Lankidetza hitzarmen hau kultur mugimenduari aitortza bat ere bada, bere horretan. Sortzaileei, taldeei, kooperatibari eta herritarrei erabaki ahalmena eta baliabideak emango zaizkie kultur jarduerarako”, gaineratu du. Alkortak Kulturaz kooperatibaren eta Kultur Mahaiaren lana txalotu ditu, “eguneroko lanagatik eta lankidetza hitzarmen honen baitan berriro eginiko ahaleginagatik”.

Jose Luis Otamendi, Kulturaz kooperatibako lehendakariak, berriz, hitzarmena “bizi dugun aldi gogor honetan argitasun eremu bat” zabaltzera datorrela adierazi du. “Gure urratsen norabidez ez nahasteko, elkartasunean ahalduntzeari futsezkoa deritzot”. Otamendik eskerrak eman dizkio Azpeitiko Udalari, “berriz ere gai izan delako herriko kulturak premiazkoa zuenari erantzuteko”.

 

 

 



 

 

 

Erantzuna gehitu