Badirudi: irudi bidezko narraziogintza tailerra

Irudiak dena hartu du aspaldian: dena da irudia, eta denean dago. Irudiak sortzea inoiz baino errazagoa da, auskalo zenbat egiten ditugun egunero, ohartu gabe; prozesua azkarra da, automatikoa kasik. Dinamoko irudiaren eremua automatismo hori deseraikitzeko lekua da, eraikiz deseraikitzeko, prozesua aztertzeko, moteltzeko, geldotzeko, gelditzeraino. Irudiaren barrunbeetan arakatzeko, hankaz gora jartzeko, mundua bere horretan emango duten irudiak baino irudia bere horretan emango duen mundu bat egiteko.
Lantegi horretan urratsak ematen hasteko da BADIRUDI: irudi bidezko narraziogintza tailerra, Txakur Gorria kolektiboko Mariñe Arbeo eta Malen Amenabarrek emango dutena.
Paradoxa badirudi ere, gaur inoiz baino beharrezkoagoa (eta zailagoa) da irudi bat sortzea, eta zer esanik ez iruditeria bat sortzea. Garai eta leku bateko jendeari zer edo zer esango diguten irudiak sortzea da zaila, eta horregatik beharrezkoa. Irudiaren gainean hausnartzea ezinbesteko bihurtu zaigun bezala.
Irudia tresna potentea da, izugarri indartsua, eta irudiaren ahalaz gogoeta egitea tokatzen zaigu, baina baita irudiaren azalaz ere: nola egiten da irudi bat, nola eraikitzen, nola irakurtzen, zer ikusten dugu hor… Eta nola jartzen dira irudiak zirkulazioan, non galtzen dira, non pausatzen, non eusten diote denboraren joanari, nora joaten dira inork ikusten ez dituenean…
Irudi batekin erakutsi egin dezakegu, iradoki egin dezakegu, baina baita ezkutatu ere. Irudi batekin kontatu egin dezakegu, eta irudi sorta batekin zer esanik ez. Zer kontatzen dugu irudiekin? Zer narrazio osatu daiteke irudien bidez?
Galdera hauei guztiei erantzuna ematen saiatuko gara hogei astez lantegi honetan, ekinez eta eginez.
HELBURUAK
> Irudi bidezko narraziorako teknika desberdinen ezagutzan abiatzea.
> Irudiak sortzen, desegiten, irakurtzen eta erabiltzen ikasten hastea.
> Irudien gaineko begirada kritikoa hartzea eta trebatzea.
> Irudien bidez kontatzeko tresna propioak garatzea.
> Proiektu propio nahiz kolektiboak gauzatzea.
DINAMIKA ETA METODOLOGIA
Iraupena eta egutegia
> 5 hilabeteko iraupena:
- 2019ko urria, azaroa eta abendua.
- 2020ko urtarrila, otsaila eta martxoa.
> Asteartero: 18:00etatik 20:00etara.
* Parte hartzaileek, ikastaro ortduetatik aparte, lanarekin jarraitzeko aukera izango dute Dinamoan.
Egitura eta edukia
> Ikastaroa Txakur Gorria kolektiboko bi kidek eskainiko dute:
MARIÑE ARBEO
MALEN AMENABAR
> Ikastaroan zehar irakasle gonbidatuak ere izango dira.
> 15 bat laguneko taldea izango da eskolak jasoko dituena.
> Eduki hauek landuko dira bost hilabetetan zehar:
- Ilustrazio teknika desberdinen aplikazioa eta garapena.
- Irudien irakurketa eta hausnarketa.
- Irudi bidezko narrazioaren munduan murgiltzea.
- Nork bere narratzeko modua bilatzea.
- Kontaera bakoitza irudikatzeko modu egokia hautatzea.
NORI ZUZENDUA
> 16 urtetik gorakoei.
> Irudien lanketan trebatu nahi duenari.
> Zerbait kontatzeko duenari.
> Sormenean irudien bitartez murgiltzen ausartzen denari.
IZEN EMATEA
> Epea: irailaren 5etik urriaren 5era.
> Izen emate orria: https://forms.gle/T6LAniJKD3MBSe8D9
> Zalantzak argitzeko, harremanetarako: idatzi dinamoa@dinamoa.eus helbidera edo deitu 635 738 760 telefonora.