Behin sormen egonaldia amaituta, Asier Itulain artistak 'Dolu-paisaiak' proiektua aurkeztuko du.

2026/05/28
Behin sormen egonaldia amaituta, Asier Itulain artistak 'Dolu-paisaiak' proiektua aurkeztuko du.
Ekainaren 4an, Asier Itulain sortzaile azpeitiarrak ‘Dolu-paisaiak’ proiektua aurkeztuko du Dinamoa sormen gunean. Ondoren, bere lanak ikusgai egongo dira Foru Ibilbideko erakusketa aretoan, ekainaren 5etik 14ra.

DOI izeneko erakusketa programaren baitan, Kulturaz Kultur Kooperatibak Asier Itulain sortzailearen ‘Dolu-paisaiak’ erakusketa zabalduko du. Proiektua sormen egonaldian sortutako lanen emaitza da. Ekainaren 5etik 14ra arte, Foru Ibilbideko aretoan egongo dira ikusgai sortzailearen lanak. Aretoa astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, eta larunbat eta igandetan 12:00etatik 14:00etara zabalduko da. Horrez gain, ekainaren 4an, Itulainek proiektua azaltzeko aurkezpena eskainiko du Dinamoa sormen gunean.

ASIER ITULAIN

Asier Itulain oinarria.pngAsier Itulain (Azpeitia, 2004) sortzailea eta diseinatzailea da. Ilustrazioa lantzen du, baina ez testuek diotena berrinterpretatzeko soilik, hauek osatzeko, baizik. Sinesten du testuek eta ilustrazioek osotasun bat eta bakarra betetzea dutela helburu. Hau da, sentitzen dugun hori hitzez zein grafikoki adieraztea. Bere lanak sentimendu propio eta sakonekin lotuta daude, azalean sentitzen duena irudira itzuliz.

Diseinuko ikasketez gain, artean ere bi urteko ibilbide bat eginda, sorkuntzarekiko ikuspuntua aldatu zaio. Bere ustez, artea eta diseinua ez dira antonimo diren bi diziplina, elkar eragin dezaketen bi ikuspegi baizik.

Horrek, ikuspuntu irekiago batetik, ilustrazioa eta diseinua modu askeago batean lantzea ahalbidetu dio. Horrela, 2026an Dinamoan sormen egonaldia egin du Gradu Amaierako Lana izango den proiektua lantzeko.

DOI_09

Erortzea, hautsi zara, edo hautsi zaituzte. Hondoratzea, bailara luze bat. Bakarrik zaude hutsunean. Hutsez inguraturik. Ez dakizu nora joan, ez dakizu non zauden. Gora begiratu, gailurra ez da ikusten. Hondoan zaudela ohartzen zara, onartzen duzu. Beraz, jada ez dago beste norabiderik, ezta? Gora egin beharko. Bidea malkartsua da, zaila, gorabeheratsua. Baina han goian, zure barruan zerbait aldatu dela antzematen duzu. Zaurituta zaude, baina aurrera jarraitzea erabakitzen duzu. Eta bide horretan berriz hondoratuko zara, gertatutakoa gogoratuko duzu, minduko zara. Baina, esaten duten bezala, ekaitzaren ondoren ostadarra dator.

Maitatu, besarkatu, oroitu.
Maite zaituztet eta hau benetakoa da (Merina Gris, 2025). 

‘Dolu paisaiak’ proiektuaren txostena.

Erantzuna gehitu