Benetako musikarien pare aritu dira Sorginorratzak ekimeneko gaztetxoak soinuaren eremuko tailerretan
Belarriak findu, melodia ezberdinak ezagutu eta soinuan barrena murgiltzeko aukera izan dute Sorginorratzek oraingoan. Azaroak 26tik urtarrilak 28ra, astean behin, ordubeteko zortzi saio eskaini dizkiote soinuari. Horietatik lautan 'Izan DJ' tailerra landu dute, bertan, Elba Azpillaga musikaria izan dute bidelagun. Gainontzeko lau saioak, berriz, Joseba Beristain konpositore azkoitiarrak gidatu ditu 'Soinu paisaiak' deituriko tailerrean.
'Izan DJ' tailerrarekin hasi ziren soinua lantzen, Azpillagak erritmoa eta musika estilo ezberdinak ulertzen irakatsi zien. Umeek erritmogramaren kateak eta geruzak jolasaren bitartez landu zituzten. Tempoaz aritu ziren, eta gorputzarekin erritmoak sortzeko aukera ere izan zuten. Tailerra borobiltzeko, taldetan banatuta, benetako DJ baten moduko soinu pieza txikiak sortu behar izan zituzten.
DJ abileziak landuta, 'Soinu paisaiak' sortzeko momentua iritsi zen. Jolastu, ikasi eta benetako musikari izateko aukera izan zuten lau saio hauetan. Soinuaren propietateak ulertu eta musikograma propioa sortzea izan da tailer honen helburua. Etxetik ekarritako material ezberdinekin intentsitateak, frekuentziak, iraupenak eta tinbreak ezberdintzen ikasi zuten. Hori gutxi balitz, musika instrumentuak ere sortu zituzten. Soinuaren saioekin amaitzeko, musikograma propioak egin eta gurasoen aurrean interpretatzeko momentua iritsi zitzaien.
Soinuaren eremuko saioen argazki galeria hemen duzue.
Sorginorratzak ekimenaren bidez Kultur sormen praktikekin gure gazteengana iritsi nahi dugu ikastetxeetan eskaintzen zaien hezkuntza eskaintza osatu eta aberasteko. Jarrai dezagun esperimentatzen, ikasten, jolasten eta elkarbanatzen!
